Bederatzigarrenez ospatuko ditu Gasteizko Alde Zaharrak bere jai autogestionatu eta parte hartzaileak. Aurten ekainaren 26an hasiko dira, eta uztailaren 2an izango dute amaiera.
Auzoko hainbat kolektibok eta komertzioek antolatutako ekintzek osatzen dute egitaraua. Horrela, hitzaldi eta kontzertuez gain, ginkana, dantza saioak eta bestelakoak eskainiko ditu Zaharraz Harro! jaiak.
Herri bazkaria, uztailaren 1ean
Ekintzen artean, aipagarria da larunbatean, hilaren 1ean, egingo den herri bazkaria. Izan ere, aurten, Akupeetan izango da eta bakoitzak bere janari, aulki, mahai edo dena delakoa ekarri eta elkarrekin bazkaltzea da asmoa.
Bestetik, Autogestioaz auzoa adabatzera goaz! jaien lema bezala aukeratu da. Horren bidez, zaharrak auzoan duen balorea aldarrikatu nahi izan dute; "zaharrak adabatzen, hobetzen edo konpontzen ikasteko aukera ematen duelako".