Tuvisaren linea aldaketak asteartean jarriko dira martxan

Erredakzioa 2017ko uzt. 10a, 09:43

Aldaketek 1, 2, 4, 5, 6, 8 eta 10. lineetan izango dute eragina. 

Datorren uztailaren 11tik aurrera TUVISAk zenbait garraio lineetan aldaketak egingo dituela iragarri du. Hala, L1, L2, L4, L5, L6, L8 eta L10 lineen ibilbidea aldatuko da.

Aldaketen helburua erabiltzaileen esperientzia hobetzea da. Izan ere, "funtsezko osagaia da Gasteizen mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzeko garaian". Horrez gain, auzo berrien zerbitzua hobetzea lehentasuna dela azpimarratu du TUVISAko presidentea den Itziar Gonzalok.

Laburbilduz, hobekuntza hauek egin dira: 10. linea Larreinetik Salbururaino luzatuko da; 1, 2 eta 8. lineetan bukaerako geltoki bakarra jarriko da; 4. eta 6. lineetan Mariturri eta Zabalganeko begiztak kenduko dira, eta 5. eta 6. lineetan, Arantzabelan, batetik bestera aldatzeko aukerak hobetuko dira, Madril eta Valladolid kaleen artean geltoki berria sortuz. Aldaketa horiek gauzatzeko zenbait markesina lekuz aldatu behar izan dira.

 

Ibilbideen aldaketak

Gasteizko udalaren garraio enpresak ibilbide batzuen geltokiak kenduko ditu. Besteak beste, 4. eta 6. lineek  Armentiagana, Oion eta Sofia Erregina kaleetan barrena egiten duten ibilbidea desagertuko da. Horren ordez, Iruña Veleia kalean eta Mariturri bulebarrean jarriko dira geltokiak.

Tartean, 10. linea luzatuko da. Horrela, trenbidearen azpitik jarraituz, autobusak Iliada ibilbideraino iritsiko dira, eta Salburua bulebarreko bidegurutzean izango dute azken geltokia.

Bestetik, linea zirkularrean (L1) bi erregulazio-guneen ordez bakar bat jarriko da. Horren ondorioz, zenbait geltokitan (Katedrala, Mendizorrotza eta Nieves Cano/Unibertsitatea) ez da ordutegi-doikuntzarik egongo.

Gainerako aldaketen berri izateko, TUVISAren web-orrian sartzeko aukera emateaz gain, lineen mapa berriak jarriko dira autobus geltoki guztietan, eta informazio-kartelak egongo dira bai markesina eta zutoinetan zein autobusen barruan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago