Gorka Urtaranek Eva Garcia Saenz de Urturi aurkeztu du, gaur goizean, aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa botatzeko arduradun bezala. El silencio de la ciudad blanca eta Los ritos del agua liburu arrakastatsuen idazleak hiriko zapia jaso du San Migeleko balkoian.
Gasteizko alkatearen esanetan, "gasteiztarrok horrelako enbaxadore bat izateaz harro gaude". Izan ere, Saenz de Urturik bere lanarekin Gasteizko hiria "mapa literarioan eta milaka irakurleren irudimenean" jartzen duela nabarmendu du. Idazleak EAJri eskertu dio emandako aukera, eta "sekulako ohorea eta pribilegioa" dela esan du. Era berean, datorren abuztuaren 4a "egun oso garrantzitsua eta bakarra" izango dela aitortu du idazle gasteiztarrak.
Aurkezpena egiteko aukeratu den tokia ere ezin esanguratsuagoa da, bertan baitu abiapuntua El silencio de la ciudad blanca liburuaren tramak, eta eleberria Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan garatzen da.