Gasteizko Udalak eta FCC-k aurreakordioa lortu dute, azken hilabeteetako gatazkari irtenbidea emateko. Hala iragarri du goizean Gorka Urtaran alkateak, prentsaurrekoan.
Akordio honekin, kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzua ematen duen enpresak kaleratutako bost langileak berriz ere onartu beharko ditu. Horrez gain, enpresaren eta udalaren arteko bestelako arazoak konpontzea, absentismoa kasu, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren esku utziko dituzte. Organo juridiko horrek aztertuko ditu Udalak eta garbiketako enpresa-elkarteak baldintza-agiriaren 36. klausula interpretatzean dituzten ezadostasunak, eta horri buruzko irizpena egingo du.
Alkateak azaldu du, halaber, organo horren ebazpenaren ostean sor daitezkeen ondorioak negoziatzen ari direla; une oro “bermatuko da zerbitzuaren jarraipena, enpresa kontratistari inolako kalte-ordainik ez ematea, oraingo plantillaren egonkortasuna eta indarrean dagoen hitzarmenean jasotako lan-baldintzak mantentzea".
Urtaranen hitzetan, absentismoa bere gain nork hartzen duen da arazo nagusia, hau da, Udalak edo aldi baterako enpresa-elkarteak. Era berean, alkateak argitu du Udalak ez diola enpresari kontratuak ezartzen duena baino diru gehiago ordainduko. "Udalak ez du enpresa indemnizatuko, eta langileen egonkortasunak funtsezko elementua izan behar du".
Urtaranen Gobernuak eta enpresak oraindik itxi gabe dauden zenbait alderdi negoziatzen jarraitzen dute.
"Akats larria", Irabazirentzat
Irabazi udal taldearen ustez, "akas larria" da enpresa-elkartearekin kontratua mantetzea. "Gasteizko interesak defendatu eta enpresari aurre egin beharrean, alkateak eskuak garbitu ditu", azaldu du Irabaziko bozeramaile Oscar Fernandezek. "Horren eraginez, garbiketa zerbitzua garestituko da, eta gehiago ordaindu beharko zaio hitza bete ez duen FCC enpresari". Hala, Irabazik kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren kudeaketa zuzena eskatu du beste behin.
EH Bilduk ere ez du aurreakordioa begi onez ikusi, "kontraturen gainkostuari atea irekitzen diolako". "Urtaranek ez du ausardiarik izan FCC-ri aurre egiteko, eta hirugarren bati pasa dio patata beroa. Multinazionalak Urtaran mahaiaren azpitik pasarazi du, eta kontratuan aurreikusita ez dauden kostuak ordaintzeari atea ireki dio", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek.