Etxauzia gaztelua, Irantzu Lekueren 'Arnasa 01' seriearen inspirazio iturri

Erredakzioa 2017ko eka. 14a, 16:36

Gaur aurkeztuko du lana, 20:00etan, Judimendiko ARTgia aretoan.

Gasteizko Judimendi auzoan ireki berri duten ARTgia sorkuntza espazioak gaurtik uztailaren 14ra bitarte Irantzu Lekue artistaren Arnasa 01 erakusketa hartuko du. Formatu handiko sei koadrok osatzen dute seriea, eta Baigorriko Etxauzia gaztelua dute ardatz, “bere historia eta ingurunea, bere iragana, orainaldia eta baita etorkizuna ere, Etxauzia proiektuari lotua, Gaztelua biziberritu eta ametsez nahiz ilusioz betetzeko proiektua”. Gazteluaren gaineko erreferentziak XI. mendetik datoz eta Nafarroako historiaren une askori lotua izan da.

Proiektua Lekuek Baigorrira eginiko bisitarekin abiatu zen: “Herritarrekin hitz egiteko parada hartu nuen, eta Josu Martinez Etxauziako bizilagun, zinegile eta idazlearekin, bertako lekuak, bistak ezagutu genituen lanean hasi aurretik”, azaldu du. Horrela, hainbat egunez, artelanak garatzen hasi zen paisajistikoak eta baita figuratiboak ere. "Gazteluaren inguruetan erreparatuz, bistetan, detaile txikietan eta nola ez, mahasti eta mendiak inspirazio iturri moduan hartuz”. Lekueren aburuz, sortzeko leku bikaina da Baigorri eta horregatik, Etxauzia gaztelua izan da Arnasa 01 seriearen inspirazio iturri. Artelanak teknika piktoriko mistoarekin sortu ditu, “pintzelada koloretsu eta dinamikoarekin inpresionismoa gogorarazten duen lanak lortuz”.

Arnasa 01 serieraren bigarren zatia tailerrean burutu du Lekuek. “Hasierako ideia kostatik burutzea zen baina, eguraldi euritsua tarteko, ezin izan nuen bertatik egin”. Horregatik, tailerretik hasi zen hausnartzen, “Zuberoak eta Nafarroa Beherak historikoki pairatu izan dituzten migrazio prozesuetan pentsatzen, eta Etxauziak diasporarekin izango duen harremana probestu dut formatu handiko artelan onirikoa, surrealista sortzeko, ametsak, sentipenak eta pentsamenduak dituena oinarri”.

Etxauzia: sormen gunea

Etxauzia gazteluak hainbat mendetako historia dauka. Bertrand Etxautz (1599-1617) baigorriar noblearena izan zen, Baionako apezpikua eta Henri IV. erregearen hurbilekoa zena. Gero jabegoa aldatuz joan da: XIX. mendean, Hendaiako Abadia gazteluaren jabeak, Antoine d’Abbadie d’Arrastek, haren anaia Jean Charles d’Abbadierentzat erosi zuen. Iragan mendera etorrita, haren iloba Henri d’Abbadie d’Arrast (1897-1968) zinegilearena izatera pasa zen. “Harry” d’Abbadie izenez ezagutua, Hollywooden zinema zuzendari eta aktore izan zen, Charles Chaplinekin lan egindakoa. Chaplin hiru alditan joan zen Baigorrira, udalditan Etxauzian ostatu hartu zuen ospe garai gorenean.

Ekimenaren helburua gaztelua erostea bada ere, ez da xede bakarra, izan ere, ekonomia, kultura eta ondarea ardatz dituen proiektua da, partehartzean, elkarlanean, eta ekimen kolektiboan oinarritua. Hala, Etxauzia lantegien elkartea izatea nahi dute: eskualdearen eta inguruaren garapena dute xede, enpresen arteko elkarlanaren eta elkartasunaren bidez. Azken bi urteetan 100.000 euro lortu dituzte eta bidean Etxauziaren babesle edo “bizilagun” ugari lortu dituzte; besteak beste, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Katixa Agirre, Amets Arzallus, Jon Maya, Joseba Tapia, Mursego eta Pedro Miguel Etxenike zientifikoa batu dira proiektura.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago