Gasteizen trena lurperatzeko lanak 2023an amaituko direla iragarri zuen atzo Iñigo de la Serna Sustapen ministroak, proiektuaren berri emateko hirira egin zuen bisitan.
Ez zuen argitu, ordea, AHTa hiriko erdigunera nola sartuko den, ezta Salburuko hezeguneetarako sarbidea ere.
Abiadura handiko trena Gasteizera eramateko ibilbidearen hiru kilometro lur azpitik izango dira; gutxi gorabehera, Salburuko Bulebarretik Gaztelako ateraino. Hori egiteko aukera aztertzen ari dira: egungo trenbidetik egitea, edo Manuel Iradier kaletik.
Era berean, Salburuko hezeguneetan, ingurumenari erreparatuta, "suerta daitekeen punturik zailena gainditzeko" hiru alternatiba aztertzen ari direla azaldu zuen De la Sernak. Hala, hauek guztiak aztertzeko ikerketa bateratua egingo dute. Azterlana datorren urteko udarako amaitzea aurreikusten du Sustapen ministerioak, eta onartu ondoren, obrak 2020an esleitu eta hasiko lirateke, 2023an amaitzeko.
Salburun eta Zabalganan ez da trenbidea lurperatuko
Atzoko aurkezpenean, Salburutik eta Zabalganatik trena lur azpitik igarotzea baztertu zuen ministroak, eta lurperatzea soilik hiru kilometratrara mugatuko dela gogoratu zuen. Zentzu horretan, Gasteizko EH Bilduk Espainiako Gobernuak trena bakarrik erdigunean lurperatzeko hartu duen erabakia gogor kritikatu du, hiria "mespretxatu" eta auzoak "gutxietsi" dituelakoan. "Egungo trenbidearen korridorea lurperatzearen aldekoak gara, baina ez soilik erdigunetik, baita Salburua eta Zabalganatik ere", azaldu du Miren Larrionek. Hala, trena Mariturritik Arkaiateraino lur azpitik joan behar duela esan du. Obrak faseka egin daitezkeela gogoratu du alderdi abertzaileak, eta Zabalganako zatia, estareako, estali daitekeela azpimarratu du. Hala, Urtarani eta EAJri horren alde egiteko eskatu dio Larrionek.