Gasteizek Errugbi Inklusiboaren Txapelketa hartuko du abuztuan

Erredakzioa 2017ko eka. 13a, 10:51

Gaztedi Errugbi taldea Getxoko errugbi taldearen aurka. / Irudia: @gaztedi_escor

Herrialde desberdinetako hamabost taldek parte hartuko dute txapelketan. Horien artean, Gasteizko Gaztedi Rugby Taldea egongo da.

Abuztuan iritsiko da Gasteizera Errugbi Inklusiboaren Txapelketa. Hilaren 21etik 25era bitartean ospatuko da, eta 1.000 pertsona inguru bilduko dira. Horrez gain, errugbiarekin zerikusia duten ekintza desberdinak antolatu dira. 

Txapelketak Betoñuko udal zelaietan izango du topagunea. Herrialde desberdinetatik etorritako hamabost taldek parte hartuko dute. Horrela, Gasteizko Gaztedi Errugby taldeaz gain, Ingalaterra, Frantzia, Eskozia, Mexiko edota Estatu Batuak ere arituko dira.

Urtaranen esanetan, Gasteiz hiri inklusiboa, plurala eta anitza den heinean, "pertsona askok maila berean hartzen dute parte gure gizartean kirolari esker". Hala, mota honetako txapelketa baten egoitza izatea hautaketa bikaina dela adierazi du Gasteizko alkateak.

Jardunaldiak

Horrekin batera, Errugbi Inklusiboaren Txapelketak jardunaldi desberdinak antolatu ditu. Bertan, aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzea, aukera berdintasuna eta bizimodu osasuntsua lantzen dituzten gaiak jorratuko dira. Aipatutako jardunaldiak abuztuaren 23an izango dira Europa Biltzar Jauregian. Bestetik, Villa Suso jauregia parte hartzaileentzat zein hiritarrentzat zuzendutako hainbat heziketa-hitzaldien egoitza izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago