Manuel Iradier txangolari elkarteak eta Vital fundazioak antolatutako Gasteizko Mendiak probak datorren larunbatean, hilak 10, izango du hitzordua. Goizeko seietan hasiko da Uribarri-Jauregitik eta, Gasteizko Mendiak zeharkatu ondoren, Cervantes pasealekuan izango du amaiera.
Hala, fondo handiko lasterketaren XI. edizioan parte hartzeko 1122 pertsonak eman dute izena. Korrikalariek Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendiz, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel tontorrak egingo dituzte. Lasterketa hasi baino berrogei minutu lehenago, hainbat autobusek eramango dituzte partaideak lehiaketaren irteera lekuraino, Mendizorrotza estadioaren alboan. Ibilbidea osatzeko denbora 20:00etan amaituko da.
Gasteizko hegoaldean egingo den proba etapa bakarrean garatzen da. Gailurren altuera xumea bada ere, metatzen den desnibela 5816 metrokoa da eta 62 kilometroko distantzian zehar banatzen da. Hortaz, desnibel horrek gogortasun nabarmena ematen dio probari.
Sortu zenetik, 1997. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko mendi-proba ezagunenetarikoen artean finkatuz joan da. Hala, Euskal Herritik etorritako korrikalariez gain, beste erkidego eta herrialde batzuetakoak ere erakarri ditu lasterketak.
Apuntatzeko kupoa lau ordutan bete zen, izena emateko epea ireki zen egunean bertan.