Urtaranen gobernuak hogei ekintza baino gehiago proposatzen dituen erdigunerako Masterplana aurkeztu du. Plana 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztea, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta merkataritza eta ostalaritza biziberritzea. Gaur aurkeztu duten dokumentua itxia ez dela esan du Gorka Urtaranek, eta ekarpen berrietara irekita dagoela gaineratu du. Besteak beste, Santa Barbara eta garai bateko Espainiako Bankua eraldatzea, San Frantzisko kalea oinezkoentzako bihurtzea eta trenbidea lurperatzea proposatu du Udal Gobernuak.
Masterplanaren ekintzak
Santa Barbara plaza berritzea
9,6 milioi euroko aurrekontua du eta Bost Enparantza proiektuaren gunea da. Honen bitartez, hiri eta merkataritza ardatz handia sortu nahi dute, Posta kalean barrena Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola Lehendakariaren kalea lotuz.
Espainia Bankua izandakoaren ingurua eraldatzea
Olagibel kalea eta San Frantzisko kalean kokatutako dagoen eraikina inguratzen duten kaleak berrantolatu nahi dute, oinezkoentzako lekua irabazteko, oztopoak kentzeko eta merkataritza eta ostalaritza jarduera sustatzeko.
Trenbidea lurperatzea
Ekintza honekin libre geratuko den lekua, zeinean garraio publikorako bideak sortuko baitira, hiriko ekialdea eta mendebaldea komunikatzeko bideak, eta dotaziozko eraikin berria (ikastetxeak) eta neurri txikiagoan, bizitegiak. Horrekin lotuta, intermodala izateko asmoa duen tren geltokia egingo da, Green Capital plazatik Dato kalera doan ardatza dinamizatuko duena.
ARICHen egoitza izandakoa barrutik birgaitzea
Horrekin batera, irisgarritasunarekin lotutako berrikuntzak egitea saltoki bihurtzeko. Higiezin hori hutsik egon zen bost urtez, eta dagoeneko merkataritza-jarduera ezarri da oinezko gehien dabilen erdialdeko leku batean.
Udal Ogasuneko bulegoak izandakoak eraldatzea
Bertan, etxebizitzak egin nahi dituzte.
Dato kalearen, Araba Jeneralaren kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko etxadia berrantolatzea
Oraingo espazioak —aparkalekua lehen eta bigarren solairuetan— berrantolatuko dira, beheko solairuan erabilera tertziarioko espazioak —handiagoak eta oraingo beharretarako erakargarriagoak— utzita eta kaleak elkarren artean komunikatuta.
Arka plazako Santander bankuaren egoitza hotela bihurtu
Egun higiezin horren jabeekin hitz egiten ari da, hirigintza-plangintza aldatzearren, eta bertan hotel bat jartzeko aukera aztertzen ari dira
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza berria
San Prudentzio kaleko 30. zenbakia barrutik eraberritu eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoak hartzeko egokitu nahi dute.
Foru kaleko Ertza eraikina bizitegi-erabilerara aldatzea
Fatxadak mantendu eta eraikina barrutik eraldatzea da asmoa, etxebizitzak jartzeko eta beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa sortzeko.
Manuel Iradier kaleko Alfarotarren etxea osorik birgaitzea
Gaur egun Udala higiezin babestu horren jabeekin hitz egiten ari da, eta osorik birgaitzeko proiektu bat gauzatzeko aukerak aztertzen, arkitektura sailkapena errespetatuz. Finantza-erakunde baten egoitza bihurtu daiteke.
Zulueta jauregiaren erabilera berria
Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. Promozio enologiko eta gastronomikoarekin lotutako erabilera eman nahi zaio, Arabako Errioxako turismoa promozionatzeko egiteko garrantzitsua egin dezan.
Turismo bulego berria, Goya gasolindegian
Eraikinaren egitura osorik gorde nahi dute, erabilera ezberdinak emanez. Barrutik eraberritzea aurreikusi da, beheko solairuan turismo bulego berria eta elektrizitate karga-gune bat jartzeko. Lehen solairuan Alberto Schommer museoa jarriko litzateke, eta ostalaritzako jarduera osagarri bat.
Bike station jartzea Floridako Txoroleku izandakoan
Eraikinaren egungo egoera aztertzen ari da, eta bike station bihurtzeko egin beharreko egokitzapenak. Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat sortzeko aukera ere aztertzen ari da, handik metro gutxira dagoen turismo bulegoarekin lotuta.
Merkataritza espazio berria Dendaraban
Barrualdea birmoldatzea aurreikusi da, lehen solairuan areto txikiek osatzen duten merkataritza galeria espazio jarraitua bihurtzeko.
Gizarte Segurantzaren diruzaintza izandakoa berrerabiltzea
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren bulegoak lekuz aldatu ondoren, Posta kaleko 42.eko eraikina ere hutsik geratu zen. Udala azterlanak egiten ari da, eta jabeekin hitz egiten, higiezin hori berrerabiltzeari begira.
Florida kaleko 28.eko eraikina
Bizitegi-eraikina da, birgaitu beharrekoa, eta Udala da gehienaren jabea. Beheko solairuari beste erabilera emateko aukerak aztertzen ari dira, ostalaritza edo merkataritza negozioren bat jartzeko.
Jose Erbina kaleko 1.eko lursaila
Trenbide azpiegituraren sailkapena du, eta leku estrategikoan dago, lurperatzekoa den trenbidearen ondoan; beraz, oso interesgarria litzateke bizitegi-erabilerarako edo enpresaren baten egoitzarako.
Florida kaleko 53.eko lursaila
Lursailari bizitegi-erabilera ematea aztertzen ari da, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.
Postetxea
Eraikinaren jabeekin hitz egiten ari da, enpresaren jardueraren erabilera osagarriak txertatzeko asmoz.
Vicente Goikoetxea kaleko Bonilla eraikina
Ekimen pribatuko proiektua, eraikin horretan adinekoentzako egoitza jarrita; hutsik dagoen eraikinaren zatia erabiliko litzateke.
Iradier Arena
Eraikinaren efizientzia akustikoa hobetzeko inbertsioa egin nahi dute. Aparkalekuan txandakatzeko leku ugari erreserbatuko dira, trenbidea lurperatzearekin lotutako geltokiari eta erabilera askotarako eraikinaren jarduerari lotuta.
Zabalgunerako laguntzak
Udalak lehentasunezko eremutzat jo du hiriaren erdialdea birgaitzeko laguntzen deialdian, eta beste laguntza-ildo batzuen barruan, berariazko programak sortu ditu begiratokiak konpontzeko, hiriaren ezaugarria baitira.