40 milioi euro inbertituko ditu Jaurlaritzak Gasteizen, lau urteko epean

Erredakzioa 2017ko eka. 7a, 15:55

Berrogei milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak hurrengo lau urtetan Gasteiz 2020 proiektua sustatzeko. Ekarpena urtero egingo da, bi ataletan: "Hiriburua sustatzeko kanona" (7,5 milioi euro urtean), eta "hirirako ekipamendu berrietarako inbertsioak" (2,5 milioi euro urtean).

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, "Gasteiz 2020" proiektua sustatzeko. Gobernuak 40 milioi euro bideratuko ditu egitasmo horretan. Gasteizko alkateak azpimarratu du hiriburutzaren kanona "bikoiztu" egingo dela legegintzaldi honetan. Kanonaz gainera, "Eusko Jaurlaritza inbertsio handiak egiten ari da sektore estrategikoetan, eta hala egiten jarraituko du legegintzaldi honetan ere, Gasteizen garapenerako, besteak beste, osasunean, hezkuntzan eta mugikortasunean". 

Urtaranek, halaber, Udalaren eta  Jaurlaritzaren arteko "sintonia" azpimarratu du: "Erakundeen arteko lankidetza bikaina da, eta, hori dela eta, Euskadiko hiriburuari hiri modernoa, aitzindaria eta berritzailea izaten jarraitzeko aukera ematen dioten proiektuetan aurrera egin daiteke", esan du.

Akordioak honako proiektu hauek barne hartuko ditu: Laudio plazako konfigurazio berria, San Anton plazaren inguruko jarduketa, San Ignacio Loiolakoaren kaleko obrak, Konstituzio plazaren irisgarritasuna, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanak, birgaitze-obrak auzoetan, Bost Enparantza proiektua, hiri-baratzeak, Latinoamerika plaza, Aranako aparkalekua, Europa parkina edo Gasteiz Antzokia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago