Valentziarrek partida hasieratik zortea lagun izan zuten: hiruko marratik asmatzen jakin zuten, eta Baskoniak defentsa gogortu nahi izan zuen bakoitzean saskiratzea lortzeaz gain, falta gehigarria lortu zuten. Zelaiaren bestaldean, Baskoniak ez zuen partidan sartzea lortu eta defentsarik gabeko hiruko jaurtiketetan ezin asmaturik eman zuten partidaren zatirik handiena.
Partida irabazi eta kanporaketa erabakita uzteko grina hasieratik erakutsi zuten jokalari valentziarrek. Min hartutako jokalariak izan arren, talde jokoan oinarritu zuten Pedro Martinezen mutilek beraien jokoa eta emaitza ezin oparoagoa izan zen. San Emeterio, 19 puntu eta 29ko balorazioarekin, eta Oriola, 18 puntu eta 20ko balorazioarekin, izan ziren jokalari nabarmenenak, baina talde osoak erakutsi zuen saskiratzeko gaitasuna eta taldekideei jokoa banatzeko abilezia (22 asistentzia Valentziak, Baskoniak 13).
Gasteiztarren artean aldiz, denboraldi gehienean zehar jokoan pisu handia hartu duten zenbait jokalari desagertuta ibili ziren, Hanga, Beaubois eta Tillie, esate baterako. Jakina da Baskoniak baduela partidak galdutzat ez emateko izaera, eta atzokoan ere horri esker eutsi zion partidan sartuta bigarren zati osoan zehar. Jokalarien erasoko kalitatean oinarritu zen partida iraultzeko esperantza, ez joko sistema eraginkorretan. Laprovittola eta Blazic-en defentsak partida gogortu zuen, eta erasoan Larkin edo Ledoren jokaldi ikusgarriek markagailuan gertutik jarraitzeko aukera eman zieten gasteiztarrei.
Baina atzokoa ez zen eguna. Valentziarrek partiduan sartuago egoten jarraitu zuten, eta taktikoki ere, Pedro Martinezek hobetu planteatu zuen partida. Horrenbestez Baskoniak agur esan dio denboraldiari zapore gazi-gozo batekin. Euroligan denboraldi bikaina egin ondoren, ACB lehiaketan gehiago espero zuten zaletuek eta etxerako bidea hartu behar izateak min eman dio askori.
Taldea egituratzen hasi beharra
Denboraldi berriari begira hasi beharko dira Zurbaoko bulegoetan. Urtero bezala, hasi dira hilabetez luzatuko diren zurrumurruak han-hemenka. Hangaren atzetik omen dabiltza San Antonio Spurs, Bartzelona, Real Madril... Shengeliak ere Madrilerako bidea hartuko duela aipatzen hasi dira asko... Larkinek urtebeterako kontratua bakarrik zuen eta Kerexetaren asmoa hori berritzea izango bada ere, Europako talde boteretsuek beraien sosak mahai gainean jarriko dituzte ziur asko... uda luzea izango da Baskoniaren bulegoetan.
85 - Valentzia Basket (23+20+19+23): Diot (8), San Emeterio (19), Sato (8), Sikma (4), Dubljevic (6) -hasierako bostekoa- Thomas (15), Vives (3), Oriola (18) y Sastre (4).
77 - Baskonia (17+15+20+25): Larkin (19), Beaobois (2), Hanga (3), Tillie (-), Voigtmann (6) -hasierako bostekoa- Ledo (19), Blazic (4), Diop (4), Laprovittola (8) y Shengelia (12).