Iraunkortasun politiketan aurrera egiteko konpromisoa hartu du Urtaranek

Erredakzioa 2017ko ekainaren 2a

Essen hirian –Green Capital 2017– egin du agerraldia Urtaranek. / Alea

Hiri Agenda bat garatzeko asmoa duela iragarri du Alemanian, 2022 lehen helmugatzat jarrita.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek 2012an Gasteiz Green Capital izendatzeko balio izan zuten iraunkortasun politiketan aurrera egiteko konpromisoa adierazi du gaur Essen hirian (Alemania).  “Duela bost urte jaso genuen saria. Ilusio eta harrotasun arrazoia izateaz gain, hiriak ulertu zuen saria ez zela helmuga edo helburua, bitartekoa baizik, hiri iraunkorraren ereduan aurrera egiteko bidea. Saria horrela ulertzeak aurrera egiten jarraitzeko neurriak hartzea ahalbidetu digu”, azaldu du alkateak Europako Batasuneko zenbait ordezkariren aurrean egindako mintzaldian.

Haren esanetan, iraunkortasun politiketan aurrerapen handiak izan dira azken bost urteetan. Besteak beste, honakoak aipatu ditu: hiri-azpiegitura berdearen aldeko apustua —Gasteizek 42 metro koadro berdegune baino gehiago du biztanle bakoitzeko—, mugikortasun aktibo eta iraunkorra  —bizikletaren erabilera 2002ko % 1,4tik 2014ko  % 12,3raino hazi da, eta hiriko joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten da—, Itun Berdea —iraunkortasunarekin sentsibilizatutako enpresa eta antolakundeen komunitatea— eta  turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria —Euskadin lortu zuen lehen udalerria da—.

Alemaniako foroan iraunkortasun politiketan hobetzen jarraitzeko asmoa berretsi du, eta hainbat helburu finkatu ditu. "Oinarri horiek kontuan hartuz, gure hiriak proposatzen du Hiri Agenda bat garatzea 2022 lehen helmugatzat jarrita, Etxebizitzari eta Hiri Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen III. Biltzarrean sortutako Hiri Agenda Berriaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen ildotik”.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago