Gasteiz Hobetuz parte-hartze prozesuan aurkeztutako ideietatik hautatuetako bat izan da parkour parkea, beste kirol jarduera batzuetarako ere erabili ahal izango dena.
Jatorri frantziarra duen parkour jarduerak, eta hiri espazioetan gorputzaren laguntzaz bakarrik batetik bestera ibiltzean datza. Eraikiko den eremuak 400 eta 620 metro arteko azalera izango du eta Udalak planteatutako eskakizunen arabera, sortu beharreko espazioak parkour-aren oinarrizko lau mugimenduak egiteko bide eman beharko du: joan-etorriak, jauziak, jasotzeak eta kulunkak, mugimenduan zein geldi. Gainera, proiektua aurrera ateratzeko interesa duten enpresek Europa mailan jarraitzen diren irizpideak kontuan izan beharko dituzte eremua diseinatzerako orduan.
Udalak hirian kirol hau praktikatzen dutenen taldearekin batera landu ditu baldintzak, eta instalazio “praktiko, iraunkor, dibertigarri eta seguruak” izango direla baieztatu dute udal ordezkariek. Ekipamendua 12 urtetik gorakoentzat izango da, eta kautxuzko zoladura eduki beharko du. Maila eta trebetasun gradu ezberdinetako kirolariek jarduteko moduko espazioa egokituko dute, azaldu dutenez.
Kirol eremu gehigarria
Jolas eta kirol zonak, bestetik, gutxienez 400 metro koadroko azalera eduki beharko du, eta hainbat kirol jarduera egiteko balio izango du. Era guztietako publikoarentzat izango da eta gutxieneko elementu hauek aurreikusten ditu: saskibaloi kantxa, futbito zelaia, eskalatzeko gunea, gimnasia egiteko murru bat, frontenisean aritzeko beste bat, pilotan aritzeko beste bat eta punteria praktikatzeko panel bat.