Ezinbesteko hitzordua bilakatu da Kaldearte jaialdia kulturaren egutegian. Aurtengo edizioa ekainaren 7an abiatuko da. Berriz ere, Gasteizko kaleak artez beteko dira bost egunetan zehar. Aurtengo ediziorako aurrekontuak 20.000 euro gehiago izango ditu gainera. Horri esker, Gasteizko Udalaren arabera, konpainia gehiago ekarri ahal izan dituzte, eta, bestetik, larunbat goizeko programazioa berreskuratu ahal izan dute.
Zehazki, Estibaliz Canto kultura zinegotziak adierazitakoaren arabera, aurten sei konpainia eta 17 ikuskizun gehiago gehitu ahal izan dira. Haren hitzetan, jaialdiak honako ezaugarriak mantendu behar ditu: erraz igartzen den programazio egitura izatea, arrakasta lortzen ari diren atzerriko produkzioen oreka mantentzea, kaleko ikuskizunen euskal produkzioari laguntzea eta berrikuntzak bilatzea.
Aurtengo hitzordura 36 konpainia batu dira. Horietatik, zortzi Gasteizkoak dira, eta beste zortzi Euskal Herriko hainbat tokitakoak etorritakoak dira. Espainiatik ere beste zortzi konpainia datoz. Gainerako hamabiak Espainiatik kanpoko taldeak dira.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lau ikuskizun "erabateko estreinaldia" izango dira, eta horietako zenbait jaialdiaren laguntzari esker ekoiztu dira.
Asteazkenean, El fin de las cosas ikuskizunaren entsegu irekia egingo dute Baratza aretoan, 18:00etan, dantzarien azalpenez langunduta.
Programazioa, bete-betean, ostiral arratsaldean hasiko da, Claire Ducreux clown dantzariaren eskutik. Silencis izeneko ikuskizuna eskainiko du Florida parkeko kioskoan, dantza mintzo denean hitzak soberan direla aldarrikatzeko.
Hori hasierako gosegarria baino ez da, noski: ikusleak, bere gustuen arabera, nahi duen ikuskizun mota aukeratu ahal izango du. Ohi bezala, egitarauan eskaintza zabala izango da eta: hiri dantza, antzerkia, musika, zirkua, umorea...
Egun horietan, beraz, kontuz sakelakoari begira despistatuta ibiliz gero: bi espazio ontziren arteko talka suerta daiteke, aurrez aurre. Ezetz asmatu astronauta jantziaren barruan nor dagoen.