Gaur hasi eta uztailaren 2ra arte, Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo-instalazioa ikusgai egongo da Oihaneder Euskararen Etxean. Joxe Antonio Artze (Usurbil, 1939) idazle eta musikariaren lana ezagutzeko parada ematen du ikus-entzunezkoak. Irudiez, musikaz eta soinuaz lagundurik, Artzeren obra poetiko oparoan murgildu ahal izango dira bertaratzen direnak.
Artze bereziki ezaguna da Mikel Laboa abeslariaren hainbat kanta direla eta: Txoria txori, Gure Bazterrak eta Zaude lasai abesti ezagunak, esaterako, Artzek idatzitakoak dira. Poema liburuez gain, audio grabazioak eta agertokirako ikuskizunak ere sortu ditu Artzek: horiek guztiak azalduko dira bideo-instalazioan.
Jexux Mari anaiarekin batera, Artze txalapartari gisa ere aritu zen: bi anaiek egurrari erauzitako doinua garai berriei egokitzea lortu zuten. Ibilbide horretan abiatuta, txalapartari buruzko jardunaldiak ere izango dira, Trapa ttapa, ttaka ttaka, txalaparta izenburupean. Bertan, antzinako tresnaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dituzte.
Erakusketaren ordutegia hau izango da: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 21:00era; igandeetan, 11:00etatik 14:00etara. Diputazioa, Gasteizko Udala eta Oihaneder Euskararen Etxearen babespean antolatu dituzte jardunaldiak.