Nondik sortu da Larkaiate eratzeko ideia?
Orain dela urtebete pasatxo hasi ginen elkartzen Salburua auzoarekin identifikatuta sentitzen ez garen hainbat bizilagun; Arkaiate, Larrein eta Izarra inguruetan azpiegitura mordoa falta badira ere, Salburuan azkenerako utzi gaituzte beti. Bere garaian, Salburua Burdinbide auzoko elkartekoei gure auzoetarako zituen eskaeren gaineko informazioa eskatu genien, eta aurrerapausorik ematen ez zela ikusi genuenean, elkartea sortzea erabaki genuen. Abenduan eratu genuen ofizialki. Pixkanaka goazen arren, hasi gara dagoeneko urratsak egiten.
Behar asko dituzuela diozue, Zeintzuk dira esanguratsuenak?
Hala da, bai. Gero eta bizilagun gehiagok dute gure berri eta proposamen asko bidaltzen dizkigute; hiru batzar informatibo ere egin ditugu eta horietan ere ideia berriak agertu dira. Gainera, ingurune bakoitzak bere aldarrikapen propioak ditu. Esaterako, Larreinek ez du Arkaiatek belar mozketarekin duen arazoa, baina trenbidea lurperatzeko eskaera du esku artean.
Oker ez banago, eskaera horretaz bakarrik arduratuko den plataforma osatu duzue, ezta?
Bai. Larkaiate barruan dago plataforma; baina, elkartea lanez lepo dagoenez eta oso proiektu zabala denez, Larreingo bizilagunek erabaki dute zortzi lagunez osatuta dagoen plataforma osatzea. Dokumentazioa bilatzen dabiltza, eta, epe motzera, Zabalganako herritarrekin eta alderdi politikoekin batzeko asmoa dute. Larreinek duen arazo larriena da trenbidearena, hiria eta auzoa banatzen dituelako.
Arkaiateri dagokionez, belar mozketarena aipatu duzu. Zer bestelako aldarrikapenak dituzue?
Askotariko azpiegiturak falta dira, hala nola, umeentzako parkeak, kirol instalazioak edo ikastetxea. Handitzen doan auzoa da; familia gazte asko bizi dira bertan, eta gero eta ume gehiago daude. Trenbidearena ez bezala, Arkaiateren aldarrikapenak erraz konpondu daitezke epe laburrera begira.
Esaten duzunagatik, Arkaiaten eta Larrainen bizitza badagoela ondorioztatu daiteke. Ez al da horrela?
Noski. Oker ez banago, eraikin guztiak daude okupatuta. Udalari errolda eskatu diogu biztanleria kopurua zein den jakiteko, baina Salburua barruan gaudenez ez dago bereiztuta eta ez dakigu zehazki kopuru hori zein den. Baina, bizitza dago. Bereziki, 40 urtetik beherako bikotekoak bizi dira; familiak handitzen hasi direnak. Horregatik eskatzen ditugu azpiegitura gehiago.
Bestalde, trafikoarekin ere arazoak dituzue...
Lizarrara doazen kamioiak Arkaiatetik pasatzen dira eta eragina dute gure bizitzan. Bestalde, Brusela etorbidean –Gabriel Martinez de Aragon eta Nadine Gordimer artean– radarra jarri dute; Iliada etorbidean semaforoa edo istripuak ekidite aldera, antzeko neurriren bat jartzea eskatzen dugu. Radarrik ez dagoenez, abiadura hartzen dute ibilgailuek ingurune horretan, eta oso arriskutsua da.
Garraio publikoarekin ere bueltaka zabiltzate....
Bai. Urbanoaren zazpigarren linea Arkaiateraino heltzea eskatzen dugu. Autobus berriak martxan jarri dituztela eta, Tuvisatik jakinarazi digute probak egiten dabiltzala, eta auzoan egingo duela geldiunea. Gaur egun, seigarren linea daukagu; erdiguneraino eramaten gaitu horrek. Baina, seme-alabak Florida inguruneko ikastetxeetara eramaten dituzten familia asko daude hemen, eta horregatik ari gara eskatzen zazpigarren linea Arkaiateraino hel dadila; gaur egun, autobus-aldaketak egin behar dituzte. Eskatzen dugu hiriko beste hainbat tokirekin komunikazio hobeagoa izatea.
Eta aisialdiari dagokionez, zer?
Sanjoanetarako zerbait antolatzeko asmoa dugu, baina ez daukagu dirurik, eta gainera, horrenbeste lanekin, egia esan, ez dakigu aterako ote den. Baina, ekainean ez bada, hurrengo batean izango da.