Hendaian izan zen iazko jaia, eta bertan hartu zuten lekukoa Zabalganako ikasleek. Izan ere, Gasteizko auzoan ospatuko dute, ekainaren 4an, Euskal Eskola Publikoaren 26. jaia. Josi ta josi izan da aurtengo hitzordurako aukeratutako leloa. Asteazkenean aurkeztu dituzte aurtengo hitzorduaren nondik norakoak, Zabalganan bertan.
Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak azaldu du leloaren zergatia. "Argi adierazi nahi dugu Eskola Publikoak gizartea kohesionatzen duela. Eskola Publikoa baita, finean, denetariko ikasleak hartzen dituena, eta ikasle guztiei hezkuntza ematen diena".
Imazen arabera, gaur egun gizarteak ikasleak bitan banatzen ditu, eta, Eskola Publikoa sustatzen ez bada, "ez dugu lortuko gizarte kohesionatu bat". EHIGEko koordinatzaileak esan duenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoa bitan banatuta dago: hezkuntza publikoa eta pribatua, hain zuzen. "Guk uste dugu benetan publikoaren alde egin behar dela. Gizarteaz gain, agintari publikoek ere Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua egin behar dute, hori baita ikasle guztiak hezten dituena, eta kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duena".
Gizartean dauden beste arloekin alderatu du egoera Imazek. "Osasun publikoa, adibidez, beti jarri ohi da erdigunean, jakin badakigulako arlo publikoa dela osasuna bermatzen diguna".
Hasierako ekitaldian ezagutaraziko dute datorren urteko jaia non ospatuko den, eta orduan luzatuko diete lekukoa festaren edizio berria antolatzeaz arduratuko diren ikasleei.
Familia giroan
Gasteizko alkatea eta Hezkuntza sailburua bertaratuko direla baieztatu diete. Ohi bezala, giro ederra espero dute. "Tira, bero gehiegi ez egitea ere komeni zaigu, eta, hala izatekotan, haize pixka bat ere eskertuko genuke. Baina hori, noski, ez dago gure esku". Eremu berde bat izango dutela gogorarazi du Imazek. "Leku hori egokia da jendea etzanda egoteko eta jaiaz lasai asko disfrutatzeko. Familia giroko jaia izan ohi da gurea".
Parte-hartzeari dagokionez, "beti milaka lagun" hurbiltzen direla esan du Imazek, eta hala izatea espero dutela oraingoan ere. "Dena dela, garrantzitsuena jaiaren espiritua mantentzea da".
Iaz festa Iparraldean egin zuten, Hendaian. Imazek azaldu duenez, "Iparraldeko Gurasoen Federazioa EHIGEko parte da, eta iaz bertan egiteko une aproposa zela iruditu zitzaigun".
Imazen arabera, festaren iazko edizioaren bitartez, Iparraldeko ikastetxe publikoetan ere euskaraz irakasten dela gogorarazi nahi izan zuten. "Ezaguna da ikastoletan euskaraz ikasten dela, baina ez da ezagutzen Iparraldeko ikasle gehienak eskola publikoan daudela. Gure ustez, Iparraldean euskarak etorkizuna izatea oso garrantzitsua da, eta horregatik Eskola Publikoan euskararen alde egin behar da; hor daudelako ikasle gehienak".
Programa zabala
Haur, gazte zein helduek egun pasa ederra gozatzeko moduko egitaraua zabala osatu dute iganderako. Halako festa batean Pirritx, Porrotx eta Marimotots azaltzea ezinbesteko baldintza da, noski. Baina, horrez gain, Imanol Ituñoren magia ere gozatzeko aukera egongo da.
Gorputza askatzeko moduko giroa nahiago dutenek, Ze Esatek edota Ttek elektrotxaranga taldeekin dantza egiteko parada izango dute. Rap, reggae edota raggamuffin motako musika lantzen duten beste talde asko ere izango dira bertan. Bestetik, haur eta gazteak ondo pasatzeko moduko tailer ugari ere egingo dituzte: elikadura, sukaldaritza, eta eskalada, besteak beste. Saharako jaima ere jarriko dute Zabalganan, denen artean, hezkuntza publikoa josi ahal izateko.