Urtebeteko lanaren ostean, abian da ARTgia aretoa, Irantzu Lekue artistaren azken proiektua. Jose Lejarreta kalean kokatzen da arterako gune berria, eta bere helburuen artean, sortzeko baldintzak bultzatzea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa eragitea aurkitzen dira. Finean, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea xede izango ditu. Bertan, norbanakoen zein kolektiboen proposamen artistikoak bultzatuko dituzte, baina, era berean, "herritarren ekoizpenerako tresna izango da", azaldu Irantzu Lekue artistak, proiektua aurkezteko egin duen agerraldian. Behar bati erantzun nahi dion espazioa dela azpimarratu du Lekuek, "Gasteizek kultur sorkuntzarako horrelako lekua behar zuela erakusten digutelako egunotan jasotako proposamenek".
Artea, auzoetara
Kasu honetan, gunearen kokapena ere esanguratsua da. Zehazki, Judimendi auzoko etxetxoetan dago kokatuta, Lekueren esanetan, erdigunetik at dagoen lekua, Gasteizko zonalde "berezi" batean: "Belen Nevadok esaten duen moduan 'Gasteizko Londres-en', behin etxe merkeak izan ziren etxeen berdeguneen zonaldean abiatu dena, eta jaiotza hori aldarrikatzen dut, artea eta kultura auzoetara ere eramateko”. Horrez gain, euskarak berebiziko garrantzia izango du egitasmo berri honetan, eta komunikazio-hizkuntza izan nahi du.
Arte garaikidearen leku berri honetan, beraz, denetarik egingo dute; jardunaldiak, aurkezpenak, egonaldi artistikoak, proiekzioak, proiektuen garapena, elkarrizketak eta hainbat diziplinatara bideratutako jardunbide artistikoak. Lekue izango da proiektuaren zuzendaria, baina talde motor baten laguntzarekin beteko dut eginkizun hori.
Hortaz, ARTgiaren instalazioetan, sorkuntza-fasean dauden proiektuak hartuko dira, eta laguntza-zerbitzua eskainiko du ibilbide profesionalen garapenerako. Aukerak irekitzeko nahiarekin jaio da ARTgia; gazteenak, baina baita aski ezagunak diren artistenak ere.
Proiektuaren finantziazioari dagokionez bere apustu pertsonala dela azaldu du Lekuek. "Lokala erabat eraberritu dut, eta jasotako laguntza bakarra ekintzailetza proiektu batetik jaso dut, orotara 1200 euro".
Ekainerako egitaraua
Hiru dira ekainerako antolatutako ekimenak. Batetik, Eider Bernaolaren proiektua, ekainaren 9ra bitartean; Baigorrin Etxauzia Jauregian Lekue garatzen ari den Arnasa 01 serieraren aurkezpena, hilaren 14an; eta Belen Nevadok burutuko dituen mikro-antzerkiak, ekainerako antolatu direnak.