Aurten ere Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen proiektua abian jarri du Udalak. Iazkoa lehen edizioa izan zen, eta aurtengo aurrekontuetan herritarrek aukeratutako hamabost proiektu gauzatuko dira. Herritarrek ekainaren 23ra arte izango dute denbora proposamenak aurkezteko. Urriaren 9tik 22ra arte, berriz, gasteiztar guztiek bozkatu ahal izango dituzte gehien atsegin dituzten proiektuak. Emaitzak kontuan izanda, zerrenda osatuko du Udalak herritarrek aukeratutako proiektuekin, eta horiek aurrera eramateko, 2018. urterako aurrekontutik 1'5 milioi euro erabiliko ditu, eta beste 1'5 milioi euro 2019rako aurrekontutik.
Horrela, hiru milioiak 2018 eta 2019ko aurrekontuen artean banatu dituztela azaldu dute Udal Gobernuko kideek, urtebetean hiru milioiko aurrekontua gauzatzeko "zailtasunak" dituztelako.
Horren aurrean, Irabazi eta Podemos udal taldeek Gasteiz Hobetuz programak jasan duen 1'5 milioi euroko murrizketa salatu du, eta "iruzurra" dela adierazi dute. Hala, Udal Gobernuak guztira programan 9 milioi euro (hiru urte bakoitzean) inbertitzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu dute, eta gainontzeko hiru milioi eurorekin zer egingo duen galdetu dio Udalari.