Udazkenean hasiko dira tranbia unibertsitatera luzatzeko lanak

Erredakzioa 2017ko mai. 25a, 13:29
Arantxa Tapia sailburuak tranbiaren luzapenaren berri eman du gaur Gasteizen.

10,5 milioi euroko kostua izango dute obrek, eta gehienez, 21 hilabete luzatuko dira. 

Tranbia unibertsitatera luzatzeko lanak datorren udazkenean abiatuko dira, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur goizean iragarri bezala. Tranbiaren ibilbideak 1,4 kilometro gehiago izango ditu, eta egun dituen zortzi kilometrora gehituko zaizkio. Luzapenak 10,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, gehienez, lanek 21 hilabete iraungo dute. 

Lau geltoki berri egingo dituzte: Florida, Las Trianas, Hegoalde eta Unibertsitatea, eta ibilbidea diseinatzerakoan, kontuan hartu dituzte etorkizunean linea Salburua auzorantz luzatzeko aukerak, Florida geralekutik abiatuta. Izan ere, luzapen horretan maniobrak egiteko bide bat egingo da, Salburua auzorantz.

Luzatze-lanen abiapuntua egungo sarearen loturak mugatu du, linearen amaieran izango da, Angulema geltokian. Hortik abiatuta, egungo galtzadaren bitartez, Florida kalean barna luzatuko da, ezkerrerantz bira txiki bat emanda. Ondoren, eskuinerantz egin eta Adifen tren-lubakia gurutzatuko du, Las Trianas zubiaren bitartez –hori ere luzatu egingo da− eta Castro Urdiales kalean barna jarraituko du, Nieves Cano kaletik pasa eta Martinez Aragon kalean amaitzeko.

Honen berri emateko elkartu dira, gaur, tranbia-tokian,  Arantxa Tapia sailburua, Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez  diputatu nagusia, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordea eta ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiak. Tapia sailburuak adierazi du pasa den astelehenean eman ziola hasiera Euskal Trenbide Sareko kontratazio-mahaiak tranbia luzatzeko lizitazioari eta, beraz, laster argitaratuko dela aldizkari ofizialetan.

Adurtzako bizilagunak, tranbiaren kontra

Bestalde, Tapiak Adurtzan sortu berri den tranbiaren aldeko plataformari ohartarazi dio proiektuak epe guztiak bete dituela, eta ukatu du legez kanpo dagoenik.

 

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide