"Zaldizko estatua bat nahi dut, biluzik, Andre Maria Zurian"

Estitxu Ugarte/Unai Ugarte 2017ko mai. 25a, 14:04

Umore garratza eta seriotasuna maisuki nahasten ditu Toti Martinez de Lezeak bere lanaren eta bizitzaren nondik norakoen inguruan berba egiteko; ahoan bilorik gabe hitz egin du idazleak Solasalean saioan.

 

Idazle emankorra eta oso ezaguna da Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949). Izan ere, 53 liburu idatzi ditu 18 urtetan, eta adin guztietako milaka jarraitzaile ditu. Ekainaren 2an estreinatuko dute Nur eta herensugearen tenplua, idazlearen eleberrian oinarritutako lehen animaziozko filma, eta horrekin amets bat bete duela esan du Solasalean saioan eginiko elkarrizketan. Idazlearen hurrengo erronka Enda-ren bigarren zatia da; lan horretan "hustu" egin dela aitortu du.

Egia al da apustu baten aitzakipean idatzi zenuela lehen liburua? 

Bai, egia da. Lagun batek esan zidan ezin nuela liburu bat idatzi; ipuinak, gidoiak eta bestelakoak bai, baina liburu bat lan handia zela, orri asko zirela... orain dela hogei urte izan zen hori, eta bazkari bat irabazi nuen. Oso esperientzia polita izan zen La Abadesa idaztea, lehen liburua. Bukatu nuenean tiradera batean gorde nuen, eta beste liburu bat idazten hasi nintzen: La calle de la judería. Hiru edo lau argitaletxetara bidali nuen, eta azkenean Ttartalo argitaletxearekin argitaratu nuen. Normalean idazle berriek liburu bat amaitzen dutenean argitaletxeetara jotzen dute, berehala, eta ez da komeni; hobe da liburu hori gorde, eta beste bat hastea.

Zer bilatzen duzu liburu bat idazten duzunean?

Istoria bakoitzak asmo desberdina du. Adibidez, La calle de la juderíarekin kontatu nahi nuen Gasteizen juduak egon zirela; jendeak ez zekien hemen aljama bat egon zela, juduen auzo bat, sinagoga eta guzti. Juderia kalea, Nueva Dentro, beti izan da kale bitxia, lehen juduak egon ziren, gero etorkinak, gero putak, orain berriro etorkinak...; oso kutsu berezia du.

Zergatik nobela historikoa?

Nobela historikoa beti gustatu izan zait, amodiozkoa edo beltza baino gehiago; Dumas, Victor Hugo, Tolstoi, Baroja... istorioak kontatzea gustatzen zait. Halere, zehaztu nahi dut: nik ez dut historia nobela eran idazten, nik egiten dudana da nire istorioa asmatu, eta garai batean kokatzen dut, edo herri batean.  Horretarako egiten dudana da aztertu nola zen garai hori, nola bizi ziren herri horretan, zer jaten zuten, nola janzten ziren...

Nolakoa da idazketa prozesua? 

Asmo bat dut hasieran. Zerbait kontatu nahi dut; informazioa biltzen dut, garaia edo herriari buruzkoa, eta idazten hasten naiz. Hirugarren edo laugarren eleberriarekin pentsatu nuen hori "zientifikoki" egin nahi nuela, eta gidoi bat prestatu nuen; ondoren hasi nintzen idazten, eta liburu erdia nuenean gogoratu nuen gidoia. Ez dut berriz halakorik egin, idazten ari naizen bitartean asmatzen dut istorioa. 

Oso presente daude zure liburuetan errepresioa, boterea eta jazarpena. Salaketa moduan egiten duzu? 

Historia ez da aldatu, errepikatu egiten da. Orain badira ministroak, politikoak; Erdi Aroan, berriz, kondesak, markesak eta erregeak zeuden, aberatsak eta pobreak, injustizia..., eta herriak borroka egin behar izan du beti gauzak hobetzeko. Sorginen garaian, sorginen ehiza egon zen, eta orain beste pertsona batzuk ehizatzen dira: arabiarrak, etorkinak... hemen juduak ere jazarri zituzten.

Publikoaren artean zure liburuek duten arrakasta dela eta, presionatuta sentitzen al zara?

Ez naiz presionatuta sentitzen, baina 68 urte ditut, eta ez dakit zenbat denbora jarraituko dudan idazten; gauza asko dauzkat kontatzeko eta esateko. Zortzi ordu idazten dut egunero, hitzaldi eta elkarrizketa asko egiten ditut, oso gustura, baina nekatzen naiz.

Ken Folletek badu eskultura bat Gasteizen; noizko Toti Martinez de Lezea kalea?

Inoiz ez, espero dut. Katedralaren arduradunek uste zuten Ken Folletek idatziko zuela bigarren liburua gure katedralari buruz, eta  milaka eta milaka charter etorriko zirela katedrala ikustera, baina liburuaren bosgarren orrian agertu zen Gasteiz, eskerrak emateko orrien artean; ordurako, ordea, eskultore bat bidali zuten Ingalaterrara, Ken Folleti neurriak hartzera. Garai hartan irrati batean galdetu zidaten Folleten eskulturaren inguruan, eta argi erantzun nien: "Txapela buruan a rosca jartzea da hori". Nik ere estatua bat nahi dut kar-kar, Andre Maria Zuriaren plaza erdian, kendu ezazue monumentu itsusi eta zatar hori!, bataila ez baitzen gertatu Gasteizen, Mendozan eta Gamarran baizik; kendu, eta jarri nire zaldizko estatua bat, Lady Godivaren antzera, larrugorritan, aterki batekin, usoek gainean kaka egin ez dezaten, kar-kar. Ez. Ez dut nahi. Hiltzen direnentzako dira estatuak. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 106. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago