Autobus berriak estreinatu ditu Gasteizek

Erredakzioa 2017ko maiatzaren 25a

Autobus berria ikusgai izan zen egun batez Andre Maria Zuriaren plazan.

Erosi berri dituzten autobusek 18 metro luzera eta 128 bidaiarientzako lekua dute.

Tuvisak hamar ibilgailu artikulatu erosi berri ditu, eta horietako bi gaur hasiko dira zerbitzua ematen, L2 linea periferikoan. Datorren astean gainerako autobusak 4 eta 6 lineak egiten hasiko dira, bizpahiru egun bakoitzeko. 

Autobus berriek 18 metroko luzera dute, berdeak dira, eta 128 bidaiari har dezakete (48 eserita). Gainera, oraingoak baino iraunkorragoak eta irisgarriagoak dira. Ibilgailuen goialdean ekologikoagoa, iraunkorragoa, irisgarriagoa mezua errotulatu da. Izan ere, ibilgailu zaharragoen aldean, karbono dioxidoaren atmosferarako emisioak gutxitu egingo dira, eragin akustikoa txikiagoa izango da, eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako hiru leku dituzte. Berrikuntzei dagokienez, autobusek energia berreskuratzeko modulua daukate, horri esker %3 aurrezten da erregaian, eta arrapala bikoitza (elektrikoa eta mekanikoa, irisgarritasuna beti bermatuta egon dadin) dute.

Tuvisak Mercedes enpresari erosi dizkio hamar autobus berriak, 3.550.000 euroan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago