Datorren ekainaren 7an KaldeArteren edizio berria hasiko da, eta bost egunetan zehar, Gasteizek kaleko arteen nazioarteko erakustaldia hartuko du. 36 konpainiak formatu handi, ertain eta txikiko ikuskizunak eskainiko dituzte, 63 emanalditan.
Horietako lau ikuskizun Gasteizen ikusiko dira lehen aldiz, eta horietako zenbait KaldeArteren laguntzarekin ekoitzi dira. Gasteizko zortzi konpainiak, Euskal Herriko zortzik, Espainiako beste zortzik eta atzerriko hamabik hartuko dute parte. Horien artean, jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako lanak ikusi ahal izango dira.
Aurten, jaialdia asteazkenean hasiko da. Egun horretan Eva Guerreroren El fin de las cosas lanaren entsegu irekia egingo da Baratza aretoan; Karrikan plataformak hautatutako dantza ikuskizuna da, eta igandean Garazi Lopez de Armentia eta Aritz Lopez gasteiztarrek bi emanaldi eskainiko dituzte Probintzia plazan.
Kaleko programazioa berez ekainaren 9an hasiko da: Claire Ducreux itzuliko da, eta Florida parkeko kioskoan arituko da. Edizio honetako beste berrikuntza bat kaleko arteen alorreko prestakuntza da, GetBak konpainia kataluniarrak dantza urbanoari buruzko bi maisu-klase emango baititu.
Aurten, Udalak 20.000 euro handitu du jaialdiaren aurrekontua, Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu bezala. "Horri esker, sei konpainia eta hamazazpi ikuskizun gehiago eskaintzeaz gain, larunbat goizeko programazioa berreskuratu dugu".