Momentuz, hamabi komunitatek bat egin dute Koroatze auzoaren proiektuarekin

Erredakzioa 2017ko mai. 24a, 10:56

108 komunitatetik soilik hamabi atxikitu dira proiektura; hamaseik ezetz esan dute, eta gainontzekoak baloratzen ari dira. Urte amaierara arte izango dute epea ekoauzoari baietza emateko.

Koroatzea 'ekoauzo' bihurtzeko proiektuak, momentuz, soilik hamabi bizilagunen komunitateen babesa jaso du. Beste hamasei atarik ez dute interesik agertu, eta gainontzekoek, 80 komunitate inguruk, ez dute erabakirik hartu, baina oraindik, proiektura batzeko aukera izango dute, urte amaiera bitartean, hain zuzen ere. Guztira, 1.313 etxebizitzei eragiten die proiektuak, Koroatze, Arriaga ataria, Jesusen Zerbitzariak, Badaia eta Domingo Beltran kaleetan kokatuak.

Asteartean, Hirigintza zinegotzi Iñaki Prusillak datu hauen berri eman zuen, eta balorazioak egiteko goiz dela azpimarratu zuen. "Datozen hilabeteetan gertatzen denari itxaron beharko diogu". Gainera, komunitate osoak ez badu onartzen ere, norbanakoek atxikitzeko aukera izango dutela azaldu zuen. Momentu honetan, 46 atari inguru ari dira proposamena baloratzen, Prusillak esan zuenaren arabera.

Koroatzea berritzeko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da, eta Europatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak eta Udalak jarriko dute, baina bizilagunek ere kostuaren zati bat hartu beharko dute bere gain. Zehazki, proiektuaren gastuaren %30 ordaindu behar dute, edo beste modu batera esanda, gutxi gora behera, etxebizitza bakoitza berritzeak kostatuko dituen 21.000 euroen erdia. Horretarako, kasuan kasu, hilean 95 euro ordaindu beharko dituzte, hamar urteren buruan. Gasteizko Udalak zein Eusko Jaurlaritzak diru funtsa sortu dute beharra duten familiei laguntzeko.

 

Proiektuaren helburuak

SmartCities egitasmoaren xedea auzokideen bizi kalitatean hobetzea da, eta horretarako honako ekintzak aurrera eramango dituzte: etxebizitzen energia-eskaria murriztea, Koroatzea auzoan birgaitze energetikoko proiektuak eginez; auzoa energia berriztagarriko bero-sistema sortzea; elektromugikortasuna abian jartzeko, hiriko mugikortasuna jasangarria sustatzea, ibilgailu elektrikoen eta hiri-logistikarako konponbide kolektiboen bitartez eta azkenik, energia kontsumoa monitorizatzeko eta kudeatzeko plataforma gauzatzea, hau da, IKTak integratzea, ezarriko diren sistemen kontrola eta jarraipena egiteko eta horien eraginkortasuna hobetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago