'Sahara, 40 urteko erbestea' erakusketa dago erakusgai Ignacio Aldekoan

Mirian Biteri 2017ko mai. 24a, 07:02

Ekainaren 15era arte ikusi daitezke Andoni Lubaki fotokazetariaren argazkiak.

Saharako herriaren 40 urteko erbesteratze behartuaren osteko errealitatea agerian uzten duen argazki erakusketa egongo da ikusgai, ekainaren 15era bitartean, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean. Pasa den astean aurkeztu zuten Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, SAEDen Adiskideen Elkartearen eskutik, Euskal Fondoaren erakusketa.

Andoni Lubaki fotokazetari gipuzkoarrarenak dira bertan ageri diren irudiak. Egileak Aleari azaldu dio azkenengo sei urteetan Sahara mendebaldean zein iheslarien kanpamenduetan ateratako argazkiak direla. "Fronte Polisarioak berreskuratutako alde liberatuan nahiz kanpamenduetan ikusitakoarekin puzzlea osatu nahi izan dut. 40 urteko gatazkaren berri eman nahi izan dut, sahararren eguneroko bizitza erakutsiz; baina, konpondu gabe jarraitzen duten betiko arazoak bakarrik jaso beharrean, denbora tarte horretan agertu diren berriak ere islatu ditut. Azken horien barruan, jihadismoa edo haxixaren trafikoari zelan egiten dioten aurre ere azaltzen saiatu naiz", nabarmendu du Lubakik.

Zuri-beltzean

Errealitate "gordin" hori jasotzen duten zuri-beltzeko 40 irudi ikusi daitezke Ignacio Aldekoan. "Kolorea erabiltzean, irudien alde informatiboari ematen zaio garrantzia. Zuri-beltzarekin alde emotiboagoa jorratu nahi izan dut", gaineratu du fotokazetariak.

Aurkezpenean, honakoa esan zuen Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordeak: "40 urte gehiegi dira eta aukera paregabea dugu orain, beste behin ere, Nazio Batuen Erakundeari eta Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzeko bete dezatela saharar herriaren determinazio librerako eskubidea, eta hori gauza dadin eragitea, erreferendum bat eginez, herri horrek bere benetako borondate librea adierazteko modua ziurtatzearren".

Euskal Fondo elkarteak antolatu du Sahara, 40 urteko erbestea izeneko erakusketa, eta bai Arabako Foru Aldundia, bai Gasteizko Udala, biak dira elkarteko kide. Ibilbidea Gasteizen hasi baldin badu ere, lankidetza hitzarmen bati esker, Euskal Herri osotik ibiliko da. Hala, Diputaziotik jakinarazi dute Euskal Fondoa elkarteko kide diren eta erakusketa eskatzen duten udalerri guztien esku jarriko dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago