Gasteizko Bosch enpresako langileek mobilizazioak deitu dituzte

Erredakzioa 2017ko mai. 22a, 10:59

Mobilizazioak iragartzekoa agerraldian egin zuten langileek.

Bosch multinazionaleko filiala BSH enpresak salgai jarri du Gasteizen duen lantegia, 200 langilekoa.

Datozen asteetan mobilizazioak izango dira Gasteizko Bosch enpresan (BSH).  Etxetresna elektrikoen enpresako langileen batzordeak lanuzteak eta grebak deitu ditu, maiatzean eta ekainean. Hala, hilaren 23an eta 30ean, bi orduko lanuzteak egingo dituzte, eta enpresaren aurrean, elkarretaratzeak deitu dituzte. Ekainaren 7a, berriz, protesta eguna izango da, izan ere, greba deitu dute egun horretarako. Zuzendaritzarekin akordioak lortu ezean, gauza bera egingo dute ekainaren 12, 14 eta 15ean, eta 26tik 30era bitarteko astean ere. Egun horietan mobilizazioak eta manifestazioak egitea aurreikusten dute langileek. Langileen %80k protestekin bat egingo dutela uste du batzordeak.

BSH salgai

Martxoan iragarri bezala, Bosch Alemaniako multinazionalak negozio eredua aldatzea erabaki du, eta erabakiak bete-betean eragin dio bere filialak, BSHk, Gasteizen daukan lantegiari. Aurrerantzean plantxak ekoizteari utzi nahi dio, eta, hain zuzen ere, lisaburdinak fabrikatzen ditu BSH Arabako hiriburuan: urtero, bi milioi unitate egiten ditu 200 pertsonako lantaldeak, Ehariko industrialdean. Bada, salgai jarri du lantegia, eta inbertitzaile baten bila ari da, plantaren jardun industrialari eutsi ahal izan diezaion eta epe luzera bideragarri izan dadin. 

Egoera honen aurrean, akordiorako proposamena egingo dio langileen batzordeak  BSHko zuzendaritzari. Ohar baten bidez azaldu dutenez, “ekintza industriala babesteko eta egungo lanpostuak eta lan baldintzak mantentzeko” eskatuko diote enpresari, asteon entregatuko dioten giza akordiorako txostenean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago