alea.eus

"Nik ez nuen josten ikasi nahi; mundua ezagutu nahi nuen"

Anakoz Amenabar 2017-05-19 14:59   Kultura  Gasteiz

Gasteizko irrati-telebistetako solaskide gisa ezaguna da Esperanza Molina antropologoa; hamaika lanen artean, Inemeko zuzendaria izan zen eta El Pozo del Tio Raimundo auzoaren ikerketa egin zuen.

"Nik ez nuen josten ikasi nahi; mundua ezagutu nahi nuen"
Esperanza Molina, Gasteizko Jakintza liburudendan. / S. Azkarate | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Jakintza liburudenda gustuko du Esperanza Molinak (Madril, 1931). Liburu artean galdu eta jabearekin hizketalditxo bat izatera gerturatzen da tartean behin. Antropologoa, Filosofia eta Letretan doktorea, hainbat eleberri eta saiakeraren egilea, eta Arabako Inemeko zuzendaria izan da, beste hainbat lanen artean. Gaixotasun batek ohikoa duen zurrunbiloan etena egitera bultzatu du, baina ez dizkio lan egiteko eta ikasteko gogoa kendu.   

Topatu duzu gustuko libururik?

Guztiak. Irakurzale amorratua naiz, telefono-aurkibideak ere irakurtzen ditut kar-kar. Liburu bat aukeratu beharko banu, beharbada Thomas Mannen Der Zauberberg (Mendi magikoa) esango nuke. Orain, batez ere, mitologiara gerturatuko nauten liburuak bilatzen ditut. Bizitzaren jatorrietara jotzen dugu horien bitartez, guztiaren iturrira. Beharbada, haurtzarora bueltatzeko gogoarekin ere badu zerikusirik kar-kar.

Gogoan duzu haurtzaroko Madril hura?

Iltzatuta dut. 1931n jaio nintzen eta oso bizirik ditut oroitzapenak; ez da artxibo baten moduko memoria bat, sentsazio memoria bat baizik, zenbaitetan berriz sufritzera eramaten nauena. Gerrak bost urterekin harrapatu ninduen eta etxeko giroa gogoratzen dut; aiton-amonen etxean bizi ginen denok, gurea utzi behar izan genuelako Madril kanpoaldeko bonben mehatxuaz. Gogoan dut bereziki amak behin eta berriz errepiktzen ziguna, arrainarekin zuen obsesioarekin: "Ikusiko duzue, gerra amaitzen denean, merlenkatxo bat jarriko dizuet afaltzeko". Afaltzeko patata-azal frijituak izaten genituen gauak ia ospakizuna ziren etxean, baina ez dut drama baten moduan gogoratzen. Egoera tragikomikoa zen. Orain, albistegiak ikusita, errefuxiatu oldeak ikusita, askotan pentsatzen dut garai hartan; deja vu modukoak izaten ditut.   

Gauzak ez dira hainbeste aldatu, beraz?

Ikusitakoa bizi dudan sentsazioa sarri izaten dut. Gerrak denak dira berdinak: ez dago modernorik eta zaharrik, ez dago onik eta txarrik... desastre bat dira guztiak. Gauzak konpontzeko ezintasunaren erakusle dira denak.

 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 105. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa