Duela zortzi urte sortu zuten Gasteiz Kantuz taldea, 16. Korrikarekin batera. Kalean sortu eta kalean bizi da oraindik, tradiziozko eta gaur egungo euskarazko kantak kalerik kale eramanez. Euskal Herriko beste kale eta txoko batzuk ere ezagutu dituzte kantari, eta oraingoan etxean ongietorria egingo diete kanpotik datozenei. Izan ere, hilaren 27an Arabako hiriburuan ospatuko dute Euskal Herria Kantuz jaialdia. Kantutegia prest, lotsa alde batera utzi, eta eurekin batera parte hartzera deitu dituzte herritarrak Gasteizko taldekideek.
Baionako Hiriondo eta Oihana ikastoletako guraso talde batek bultzatuta antolatu zuten lehendabiziko taldea: Baiona Kantuz. Geroztik, herri beste talde sortu dituzte han eta hemen. Poliki-poliki talde sendoa osatu dute Gasteizen ere. Aurretik elkar ezagutu gabe batu ziren talde honetara Kandi Anda, Celia Ganzabal eta Joserra Redondo, eta, dagoeneko, kantatzeko elkartzen den talde bat baino gehiago dela azaldu dute. Besteak beste, euskararen "arnasgune bat" ere bada. "Kontuan hartu gure taldean elkartzen den jende gehiena euskaldun berria dela, eta askorentzat euskaraz egiteko aukera bakarra; kantuak biltzen gaitu, baina mintzataldea ere bada", azaldu du Andak.
Gazteei, gonbita
Hain zuzen, euskarak erakarrita batu zen Celia Ganzabal, beste bi lagunekin batera. "Euskaraz egiten diren ekintzetara gerturatu ohi gara, eta kantuak, gainera, are gehiago harrapatu gintuen". Sarea handituz joan da urteetan, eta askotariko lagunak elkartu ditu, baina belaunaldi arteko talka kantuan ere sumatzen dute. "Gustatuko litzaiguke, noski, gazteak erakartzea, baina benetan zaila da; beharbada, gustu eta interesak desberdinak dira, edo beharbada ez dute belaunaldi zaharragoekin atera nahi", aipatu du Joserra Redondok. Gazteak erakartzeko ahalegina egin dutela gogoratu du, besteak beste, kantu sorta "modernoago" bat aukeratuta, baina gutxi batu dira oraingoz. "Erakartzeko helburuarekin, Sorotan Bele, Ruper Ordorika edota Mikel Urdangarinen kantak sartu genituen... beharbada beste zeozer asmatu beharko dugu erakartzeko", gogoratu du Andak.
Errepertorio zabala liburuxka batean bildu zuten, duela lau urte, Arabako Aldundiaren laguntzarekin. Baina etengabe ari dira proiektu berrien bila, Arabako kantak berreskuratu eta ezagutzera emateko, eta laster izango dute beste bat esku artean. Besteak beste, Ruben Sanchezek eginiko lanari esker, Sebastian Iradierren Usoa euskaraz kantatzen dute, eta Geu elkarteak prestatutako Zeledon kantaren euskarazko bertsioa lau haizetara zabaldu dute.
Topaketa nagusia
Kantarik ezagunenak aukeratuta, dena prest dute maiatzaren 27an egingo duten kantuzaleen topaketa nagusirako. Euskal kantu talde herrikoien sarea sortu zenetik, zazpigarren jaialdia izango da aurtengo Euskal Herria Kantuz eguna, Gasteizko erdiguneko kaleak beteko dituena.
Txoko desberdinetatik heldutako kantu taldeak elkartuko dira, 10:30ean, Alde Zaharreko Landatxo kiroldegian, eta kalez kale kantujirari helduko diote jarraian. Goizeko ekitaldi nagusian, Foruen plazan, hainbeste familia kantan jarri zituen Imanol Urbieta izango dute gogoan, Andak aipatu moduan: "Guraso eta seme-alaba askorentzat oso garrantzitsua izan zen Imanol Urbietak egindako lana, eta Euskal Herria Kantuzek ere, noski, egin behar zion omenaldi bat". Kantu taldeek parte hartzeaz gainera, ikastetxeetako haurrak ere izango dira taulan Urbietaren abestiak kantatzeko.
Sabin Salaberriri omenaldia
Iradier Arenan egingo dute herri bazkaria –gasteizkantuz@yahoo.es edo 688 63 90 74 telefonoan izena emateko argibideak–, eta kantuzaleen ekitaldi nagusia arratsaldean izango da, Foruen plazan. Tradiziozko kantagintzari lekua egin nahi diote bertan, eta herrialdez herrialde emanaldi txiki bat eskainiko dute, dantzarien laguntzarekin. Arabak, aurtengo antolatzaileak, Sabin Salaberri ekarri nahi du gogora; kanta zaharrak moldatu eta berriak sortuz egin duen ekarpenagatik omenaldia egingo diote.
Orain arte parte hartu ez dutenei edota bazterretik begiratu dutenei, hilaren 27ko jaian "murgiltzeko" gonbidapena egin die Redondok: "Ekitaldi herrikoia da, irekia. Ez da beharrezkoa ondo kantatzea, edo euskaraz egitea. Kaleetan kantatu eta ongi pasatzera goaz; hori da gure helburu nagusia".
Maiatzaren 27an:
10:30ean: Landatxo kiroldegian, Euskal Herritik iritsitako kantuzaleei ongietorria.
11:30ean: Kalez kaleko kantujira: Aiztogile kalea, Faroloia, Andre Maria Zuriaren plaza, Posta plaza eta Foruen plaza.
13:00etan: Imanol Urbietari omenaldia Foruen plazan. Helduekin batera, haurrek hainbat abesti kantatuko dituzte.
15:00etan: Bazkaria, Iradier Arenan. Aurretik txartela hartu behar da.
17:30ean: Kantuzaleen ekitaldia Foruen plazan. Euskal Herriko herrialde bakoitzeko taldeek bi kanta eskainiko dituzte ekitaldian, Indarra dantza taldeak eskainiko dituen dantzekin batera. Arabakoak omenaldia egingo dio Sabin Salaberri musikariari.