Gasteiztik Laudiora, eta Izarratik Errekaleorrera, okupazioarekin loturiko mugimendua zabaldu da, eta indartu da herrialde osoan. Behar anitzetara erantzun du etxeak eta lokalak okupatzeko erabakiak: kasu batzuetan, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, eta politika publikoak salatzeko modua da; beste batzuetan, bizitza eta harreman eredu alternatibo bat eraikitzeko gogo kolektibo batetik sortzen da okupazioa; sarritan gazteen espazio autogestionatuak izateko jaio dira okupaturiko guneak.
Ikasle askoren beharrak asetzeko sortu zen Errekaleor Bizirik 2013an; "proiektu oso bat eraiki nahi genuen, beste bizimodu bat errealitate bihurtzeko; kontsumo eredu jasangarria abiatu, modu kolektiboan antolatu, autogestioa gauzatu, alternatibak sortu". Gaur, 150 bizilagun ditu Gasteiz inguruko auzoak; hasierako egitasmoari eutsi diote, eta komunitatea finkatzea eta egonkortzea lortu dute. "Gehienok badugu kontzientzia politiko bat; ulertzen dugu komunitate bat garela; ez dela okupazio indibiduala". Okindegia, liburutegia, zinema, gaztetxea, ortu ekologikoa eta beste hainbat egitasmo abian jarri dituzte; auzo hila zena biziberritu dute.
Emantzipazioa, helburu
"Sistema honi planto egiteko gisara planteatzen dugu okupazioa; etxebizitzarena arazo kolektiboa da gazteontzat, eta horren aurrean irtenbide kolektibo bat planteatu dugu". Irmo eta argi hitz egiten du Marta Sendin Gazte Emantzipaziorako Sareko (GES) kideak. Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile, Txikita eta Pintore kaleetan dauden hiru eraikinen okupazioa bultzatu berri du aipatu sareak. Ez dute baztertu, beharraren arabera, etxebizitza gehiago okupatzea; taldearen aburuz "daukagun beharren arabera jarraituko du okupazioak; arazo bat dago, eta guk alternatiba bat eskaintzen dugu".
Gasteizko Alde Zaharrean okupatutako hiru etxebizitzak Ensanche 21 udal enpresarenak dira. Emantzipaziorako sareak salatu du badirela sei urte udalak hiru etxebizitza bloke horiek berritzeko proiektua amaitu zuenetik. Ensanche 21en hirigintza planaren barruan, gazteei bideratutako hamabi etxe aurreikusten ziren eraikin hauetan –400 hiri osoan–. Udal talde ezberdinen "utzikeria eta gazteonganako arduragabekeria" salatu dute; gazteei zuzenduak ziren etxebizitzak hutsik ikusi ostean, okupazioaren bitartez, "gure kabuz gureak egiteko" hautua egin dutela.
Urtearen hasieran biltzen hasi ziren Gasteizen bizi diren hainbat gazte; emantzipatzeko garaian duten zailtasunak hizpide izan zituzten. "Testuingurua aztertu genuen, eta ikusi genuen jendea prest zegoela etxeetan sartzeko. Gure asmoa da bermatzea berez izan beharko genukeen etxebizitza eskubidea". Sendinek adierazi duenez, "arazo bat dago, eta guk alternatiba bat eskaintzen dugu".Okupazioa "tresna eraginkorrena" dela azpimarratu du, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten gazteen etxebizitza eskubidea bermatzeko, eta bizitza eredu berri bateruntz bidea egiteko.
Gune autogestionatuak
Judimendiko Sumendi lokala auzoko gazte asanbladaren proiektua da: "Espazio alternatibo bat da, gazteon topagune bat, eta auzoari eskainitako aisialdi gune bat, autogestioan oinarrituta". Aitor Brazal gazte asanbladako kideak azaldu du iaz sartu zirela auzoko hainbat gazte Benito Guinea kalean, urte luzez, hutsik egon den lokal batean; ordutik lanean ibili dira 40 bat gazte espazioa egokitzeko, eta bertan ekimenak antolatu ahal izateko. Lan taldeak osatu dituzte, eta hainbat proiektu dituzte buruan. "Orain arte, tailerrak, eta hitzaldiak egin ditugu gehienbat; halaber, hainbat eragilek erabiltzen dute espazioa euren ekimenak egiteko". Auzo elkartearekin harremana dute, eta auzoko diagnostikoari buruzko lanketa bat egin dute.
Aurtengo gabonaz geroztik gaztetxe berria dute Izarran: Gaztaetxea. Gaztandegi zaharra zena okupatu eta gaztetxe bihurtzen aritu dira gazteak. Urkabustaizko Udalak utzitako eraikin batean zeuden orain arte, baina ekintza zenbait antolatzeko aukerarik ematen ez zuela eta, gaztandegia okupatu eta gaztetxe berria bertan sortzea erabaki zuten. Moldatze lanak egin ostean, liburutegia, taberna eta umeentzako gunea prestatzen ari dira. Asteroko batzarretara gazte zein ez hain gazteei hurbiltzeko deia egiten diete.