alea.eus

Txupinazora beira eramatea debekatu du Udalak

Erredakzioa 2017-05-12 13:00   Gizartea  Gasteiz

Andre Maria Zuriaren plazan ez ezik, inguruko plaza eta kaleetara eramatea ere debekatu dute. Iaz 82 zauritu egon ziren, beira dela eta.

Aurten lehen aldiz debekatuta egongo da Txupinazora beira eramatea. Gasteizko Udalak Zeledonen jaitsierara beira eramatea debekatzen duen dekretua sinatu du. Abuztuaren 9ko igoeran ere debekatuta egongo da beirazko botilak eramatea. Debekuak Andre Maria Zuriaren plaza eta ingurua hartzen ditu barne: Plaza Berria, Loma Jeneralaren plaza, Posta kalea, Arkupeak eta Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen sarrerak. Herritarren Segurtasunaren Sailak behar diren neurriak hartuko ditu araudi berria betearazteko. Garbiketa araudia betetzen ez dutenek gutxienez 90 euroko isunari aurre egin behar izango diote. 

Iaz, 82 zauritu egon ziren Txupinazoan, beira dela eta. Guztira, 13.100 kilo beira jaso zituzten garbitzaileek, hots, 10.500 botila. 

Udala beirazko botilak ez erabiltzeko alternatiben bila dabil orain. Egun dendetan aurki daitezkeen bestelako produktuak eraman daitezke, adibidez, plastikozko edo metalezko botilak. Izan ere, supermerkatuekin lan egiteko asmoa agertu du Udalak.

"Urtero ikusten dugu nola beirazko botilak, edalontziak eta beste erabiltzeak zauri larriak eragiten dizkien pertsona ugariri. Gainera, hondakin-kopuru izugarria sortzen da, eta garbitu arren, horrek kalte egin diezaieke ekortzeko makinei, botilen hondarren gainetik igarotzean. Erabaki hau hiritarrek eskatzen zutela uste dut", azaldu du Gorka Urtaranek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa