FCCk eta GMSMk osatutako enpresa-elkarteak Udalak egindako proposamenari ezetz erantzun dio eta udal gobernuak aitortu du garbiketa enpresaren aldetik borondate falta dagoela akordio bat erdiesteko, eta uste du FCCk ez duela zerbitzua ematen jarraitu nahi.
Bitartean, Irabazik, EH Bilduk eta Podemosek mozio bat aurkeztu dute FCCrekin dagoen kontratua behingoz eteteko, eta garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzeko. Mozio hori ostiral honetan eztabaidatuko dute, udalbatzan.
Hala ere oposizioaren ekimenaren harira, Iñaki Prusilla Ingurumen zinegotziak nabarmendu du, FCCrekin kontratua eten aurretik hainbat txosten eskatu behar direla. "Zuzeneko kudeaketaz hitz egin baino lehen, txosten tekniko guztiak mahai gainean izan behar ditugu. Kontratua bertan behera uzteak izan dezakeen eragina baloratzeko, eta Udalak garbiketa zerbitzua bere gain hartzea bideragarria den edo ez jakiteko".
Ez dute akordioa baztertu
Udal gobernuak hiru aukera aurreikusi ditu garbiketaren inguruko gatazka konpontze aldera: lehena, enpresarekin akordioa lortzea eta hiria garbitzeko zerbitzua betetzea; bigarrena, enpresarekin irteera baketsua hitzartzea, eta Udalak beste baldintza-agiri berri batekin kontratu baterako lehiaketa deitzea, zerbitzua beste enpresa batek eman dezan; hirugarrena, Udalak bere gain hartzea garbiketa zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa.
Astearterako deitu du kale garbiketari buruzko jarraipen batzordearen bilkura udal gobernuak; negoziazioaren inguruko xehetasun guztiak azalduko dituela hitz eman du Prusillak, eta aurrera begirako planak zeintzuk diren argituko ditu.
Kontratua bertan behera usteko exijitu du halaber ustelkeriaren aurkako Adi elkarteak. "Nabarmenak dira kudeaketa aldetik bete ez diren baldintzak, eta langileen lan baldintzetan betetzen ez diren neurriak", esan du elkarteak.
Gainera, ikerketa sakona eskatu du Adik, 2006an FCCri egin zitzaion esleipen-prozesuaren harira, "Ekin diezaiola behingoz Udalak sakon ikertzeari nola jaso zuen FCCk informazio pribilegiatua udaleko teknikarien aldetik esleipena errazte aldera, eta jokaera horren baitan egon daitezkeen erantzukizun penal zein administratiboak aztertu ditzala, kontuan izanik, funtzionario horiek berriz eduki dutela zerikusi zuzena 2015eko esleipenarekin".