Ikus-entzunezko ez konbentzionalak gustuko dituzten ikusleak zorioneko daude. Datozen asteetan ohikoaz bestelako zinema ardatz duen Zinema Gaur programak proiekzioak, hitzaldiak eta lantegiak eskainiko ditu Montehermoso kulturunean. Bigarren edizio honetan, gainera, "apustu bikoitza" egin dute antolatzaileek, "zinemarekiko grina partekatzeko espazio gisa sendotu dadin", zehaztu du egitasmoaren koordinatzaile Garbiñe Ortegak. Hala, zikloa bi zatitan banatu dute; udaberrikoa eta udazkenekoa. Lehena ekainaren 26ra bitartean luzatuko da, eta emakumea izango du protagonista. Ortegak berak aukeratutako emakume iberoamerikarren lanak ikusteko aukera emango du egitarauak. Finean, film garaikideak, narratiba ausartak, askotariko gaiak eta estilo oso pertsonalak eskaintzen dituzten obrak.
- María (y los demás). Nely Reguera. Espainia. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 8an.
- Bellas de Noche. María José Cuvas. Mexiko. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 15ean.
- El futuro perfecto. Nele Wohlatz. Argentina. 2016. Proiekzioa: maiatzaren 22an.
- Los niños. Maite Alberdi. Txile 2016. Proiekzioa: ekainaren 5ean.
- Las lindas. Melisa Liebenthal. Argentina. 2016. Proiekzioa: ekainaren 12an.
- Casa Roshell. Camila J. Donoso. Txile, Mexiko. 2017. Proiekzioa: ekainaren 19an.
Horrez gain, ekainaren 26an, Gloria Vilches artistak aukeratutako pieza laburrak proiektatuko dira, C/I/N/E/C/O/L/L/A/G/E programaren barruan.
Lantegiak
Era berean, Zinema Gaur programak lantegiak eta ikastaroak eskainiko ditu. Batetik, Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak izenburua duen zinema espazioa, Maider Oleaga zuzendari gasteiztarrak gidatutakoa. Ekainaren 7an, 14an eta 21ean egingo da, 19:00etatik 22:00etara.
Bestetik, Perla finak eta oso xeheak izeneko collage lantegia, Gloria Vilchesen ardurapean. Helduentzako lantegia da, paper moztu eta itsasgarriarekin eginiko eskuzko collagea praktikatzeko, artista klasiko eta garaikideen obra esanguratsuenen azterketatik abiatuz. Ekainaren 24an eta 25ean eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara.
Lantegietan izena emateko epea zabalik dago; 945 161830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org helbidera idatziz egin daiteke.
Performancea eta guatekea
Azkenik, beste hiru jarduera antolatu dituzte. Lehena, Things Said Once / Cosas dichas una vez performancea, Esperanza Colladok zuzendua; zinemari buruzko arte adierazpena eta laudorioa da, zinemaren historiaren eta oraingo ardura kolektiboaren aitorpenetik egindakoa. Maiatzaren 29an egingo da, 19:30ean.
Bigarrena, Zinema esperientzia gisa: gainezkatzeak eta hedapenak hitzaldia, Esperanza Collado artista eta ikertzaileak emango duena, arte plastikoek, performance-arteek eta zinemak elkarrekin izan ditzaketen harremanetan sakontzeko. Maiatzaren 30erako antolatu da, 19:30ean.
Azkenik,proiekzioaren osteko guatekea egingo dute. Udari ongietorria emateko, eta Zinema da dantzarako pista izenburuaz, proiekzioa eta dantzaldia egingo dira Falerina lorategian: Mariano Cohn eta Gaston Duprat-en Living stars (Argentina, 2013) dokumentala eskainiko dute, eta ondoren, dantzatzeko ordua izango da. Hitzordu bikoitza ekainaren 22an izango da, 20:30ean.