"Araba da Euskal Herrian eskalatzeko lurralderik onena"

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2017ko mai. 5a, 16:46

Proiektu berriarekin datoz Iker eta Eneko Pou eskalatzaile gasteiztarrak.

Lehenengo pareta igo duzue Patagonian. Noiz sortu zen 4 Elementu proiektua?
Iker Pou: Bageneraman urte batzuk proiektu globalik eduki gabe. 2008an bukatu genuen 7 Pareta 7 Kontinente proiektua, eta ordutik egitasmo politekin egon gara baina ez proiektu globalekin. Ekimen hau egiteko, izenak dioen moduan, lau elementu ezberdinekin erlazionatutako paretak igoko ditugu: haizea, lurra, sua eta itsasoa. Lau elementuetako lehenengoa haizea izatea erabaki genuen, eta munduko lekurik haizetsuena mendian ibiltzeko, dudarik gabe, Patagonia da. Leku zaila da eta bere ezaugarri nagusia hori da, hain zuzen: haizea. Horregatik erabaki genuen laugarrenez Patagoniara joatea eta abentura han hastea. Gainera lagun asko ditugu han bisitatzeko eta proiektua hasteko egokia zela erabaki genuen.  

Patagonian egon zarete hori baino lehen, beraz…
Eneko Pou: Bai. 7 Pareta 7 Kontinente proiektuarekin Fitz Roy igo genuen, eta gero Cerro Torren ere egon ginen. Leku honek xarma berezia dauka guretzat. Agian Cerro Torre munduko mendirik politena da eta, hori dela eta, beti egon gara motibatuta hara bueltatzeko. Proiektu hau prestatzen ari ginela haizearekin zuen erlazioa bilatu eta aukera ezin hobea izan genuen hara bueltatzeko.

Gurasoekin joan zineten lehenengoz mendira, baina, eskalatzea eta mendira joatea ezberdina da. Nondik dator eskalatzeko grina?
I. P.: Txikitatik gurasoekin joan izan gara mendira. Oporrak beti aprobetxatzen genituen mendira joateko eta kanpora joaten ginenean beti probatzen genituen leku ezberdinetatik eskalatzeko zeuden gauzatxoak, eta, Eginora joaten hasi ginen noizean behin ere. Gero, 15 urterekin, eskalada ikastaro bat egin genuen eta orduan hasi ginen gure kabuz leku ezberdinetara joaten: Eginora, Orora… Momentu horretatik aurrera harrapatu gintuen eskaladak, eta ordutik hona ez dugu inoiz utzi.

Arabak, beraz, badauzka eskalatzeko hainbat leku. Asko izateaz gain, kalitatezkoak ere badira?
E. P.: Araba da Euskal Herrian eskalatzeko lurralderik onena. Hegorantz ematen dituzten pareta asko ditu, adibidez. Zortea izan dugu horretan, eta gu hasten garen momentutik Araba izan dugu erreferente moduan.

Hala ere, hasieran gehiago egiten zenuena zuk, Eneko, alpinismoa zen, eta ez eskalada.
E. P.: Gaztea zarenean eta mendia gustatzen zaizunean akzioa daukaten gauzak ere gustatzen zaizkizu. Zentzu horretan, Ikerrek gehiago jarduten zuen kirol eskaladan; baina, denetarik egin du txikitatik. Nire kasuan, biak konbinatu izan ditut beti: alde batetik, eskalada; eta bestetik, alpinismoa, eskia… denetarik.

Noiztik egiten duzue kirolean lana batera?
I. P.: Esan daiteke guztia 2003. urtean hasi zela, 7 Pareta 7 Kontinente proiektuarekin batera. Hala ere betidanik egon gara batera mendian, baina hori izan zen gure lehenengo proiektu garrantzitsua.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 103. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago