Garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena eskatu dute Irabazik, Podemosek eta EH Bilduk

Erredakzioa 2017ko mai. 2a, 13:03

Irabazi, Podemos eta EH Bilduko Gasteizko ordezkariek agerraldia egin dute. / Irudia: Podemos

FCCrekin adostutako bi hilabeteak pasa direnean, enpresak ez ditu berriro onartu kaleratutako bost langileak.

Irabazi, Podemos eta EH Bildu udal taldeek indarrak batu eta garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena eskatu diote Gasteizko alkate Gorka Urtarani. Egun zerbitzua kudeatzen duen FCC multinazionala hirian egin beharreko lana ez dela betetzen ari salatu dute hiru alderdiek gaur egin duten agerraldian. "Ez du hiriarekin bete, ezta langileekin ere", gaineratu du EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek.  Besteak beste, beharginek greba mugagabea hasteko zorian egon direla gogorarazi du, eta gaur, hain zuzen ere, greba hori ekiditzeko akordioa betetzeko bi hilabeteko epea agortu da. "FCCk ez ditu baldintzak bete. Bi hilabeteko epea nahikoa da akordio batetarako heltzeko, hala ere, oraindik ez dituzte kaleratutako langileak berriro onartu. Hortaz, neurriak hartzeko garaia dela uste dugu", esan du Larrionek.

Kudeaketa zuzena Udalaren esku

Hala, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena udalaren esku uztea proposatu dute, eta Europako zenbait hiritan ura, energia eta garraio publikoa bezalako zerbitzuak berriro ere udalek zuzenean kudeatzen dutela gogoratu dute. Onura nagusiena kudeaketaren optimizazioa da. "Lehenik eta behin, gastua murriztea ahalbidetzen duelako, besteak beste, lehiaketen lizitazioek sortutakoa", azaldu du Podemoseko bozeramaile Jorge Hinojalek. Aldi berean, zerbitzuaren kalitatea hobetuko dela uste dute alderdiek. "Zerbitzua zuzenean administrazioak kudeatzen badu ez dago irabazi asmorik, enpresekin gertatzen den bezala. Gainera, langileen lan eskubideak bermatzen dira".

Egoera honen aurrean, udal gobernuak "aitzakiarik ez duela" gaineratu du Irabaziko Oscar Fernandezek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago