Zumarrak landatuko dituzte larunbatean, w-zuria tximeletaren biziraupena sustatzeko

Erredakzioa 2017ko api. 6a, 16:19
Tximeleta mota honek zumarran beharra du, bertatik jaten baitute haren beldarrak.

70 zumar hostotxiki landatuko dituzte Armentian. Izan ere, tximeleta honek zuhaitz mota honen beharra du bizirik irauteko.

Gasteizko Udalak  Zumarrak eta tximeletak izeneko jarduera antolatu du larunbaterako, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren eta IGIren bitartez. Zehazki, Zerynthiarekin tximeletak eta haien ingurunea babesteko ekintza izango da. Horretarako, zumardi txiki bat sortuko dute, w-zuria izeneko tximeleta bizirauten laguntzeko. Horretarako, grafiosiari erresistente diren 70 zumar hostotxiki landatuko dituzte parte-hartzaileek. Izan ere, tximeleta  espezie horrek zumarren beharra du bizirik irauteko, eta grafiosia izeneko gaixotasunaren eraginez zumar ugari hil dira Iberiar penintsulan azken urteetan. Zumarren beharra du bizirik irauteko, bertatik jaten baitute haren beldarrek hazkuntza garai osoan.

Jarduera 10.30ean hasiko da, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan. Lehenengo, Zerynthia elkarteko kideek w-zuria tximeleta kontserbatzeko dauden arazoen berri emango diete bertaratzen direnei. Gero, Armentiako parkeko aparkalekuraino (Eskibelerako errepidearen ondoan) joango dira autobusez, eta handik landaketa egitekoa den lekura hurbilduko dira. Autobusa 14.00etan itzuliko da Atarira.

 

105 tximeleta mota Armentian

Eraztun Berdearen barruko parkean 105 eguneko tximeleta espezie bizi dira, eta horri esker Euskadin lepidopteroak behatzeko lekurik onenetako bat da. Estatuan mehatxatutzat sailkatutako zenbait espezieren populazioak ere hartzen ditu, ekimenaren xede den tximeleta, esaterako: w-zuria (Satyrium w-album) deritzona. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide