'1937-2017 Oroimenetik-Askatasunera' ekimena aurkeztu dute

Erredakzioa 2017ko mar. 27a, 18:13
Azazetako 16 hildakoen omenezko plaka

Gernikako bonbardaketa eta Azazetako sarraskiaren 80. urteurrena gogoratzeko, '1937-2017 Oroimenetik-Askatasunera' lelopean hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta manifestu bat aurkeztu dute.

Ekimenaren barruan, besteak beste, erakusketa bat, hitzaldi bat, dokumental baten proiekzioa eta ekitaldi politiko bat antolatu dituzte. Dagoeneko inauguratu dute Hala Bedi Tabernan Condor Legioa Euskal Herrian izenburuko erakusketa; apirilaren 2ra arte ikusgai egongo da. Halaber, hitzaldia izango da bihar, M3Memoria gunean, 19:00etatik aurrera Los otros Gernikas tituluarekin. Asteazkenean, 19:00etan, Markak izeneko dokumentala aurkeztuko dute, Oihaneder Euskararen Etxean, eta amaitzeko, apirilaren 2an, 12:30ean ekitaldi politikoa egingo dute Gasteizko Plaza Berrian.

Halaber, Gernikako Txoriak egin duen deialdiarekin bat egiteko deia egin dute ekimenaren antolatzaileek, "Euskal Herri osoko herritarrei bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, antolatutako ekimenetan parte hartzera animatzen zaituztegu, bereziki, apirilaren 16an Gernikan egingo den Aberri Egunean eta apirilaren 26an antolatu diren ekitaldietara". 

Gernikako bonbardaketa eta Azazetako sarraskiaren 80. urteurrenaren harira, hainbat lagun ezagunek sinaturiko manifestua aurkeztu dute ere. "80 urte igaro direnean, –aipatzen dute sinatzaileek– suntsitu nahi zuten herriak zutik dirau. Hemengo herritarren borondatea, hitza eta erabakia muga bakarra izanik guk geuk inolako kanpoko eskuhartzerik gabe, gure etorkizuna marrazteari eta gure nazioa antolatzeari ekingo diogu. Ez izan zalantzarik". Sinatzaileen artean daude Pablo Gorostiaga, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Eloi Beato, Iñaki Betagarri, Eneko Espino, Triku Villabella edo Iñaki Martin.

Ekitaldi instituzionala apirilaren 1ean

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek eta tokiko instituzioek omenaldia egingo diete larunbat honetan, apirilak 1ean, Azazetan hildako 16 lagunei, sarraski frankista horren 80. urteurrena dela eta. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi honen asmoa da Araban frankismoak eragin zituen biktima guztiak ere oroitzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide