"Istorio bat sortu dut, bizitzako nire idoloak identifikatu ostean"

Jainko bat pieza, Marina Suarezena.

Baratza aretoan aurkeztuko du Marina Suarezek igandean 'Jainko bat', koreografia, arkitektura, olerkia, soinua eta plastika nahasten dituen lana; Gazte Sortzaileak bekari esker osatu du pieza.

 

Hirian kultur proiektuen sorkuntzari sostengu emateko xedeaz, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Gazte Sortzaile beka programa martxan jarri zuten iragan urtean. Bigarren deialdira sei proiektu aurkeztu ziren, eta haietatik hiru aukeratu dituzte. Haien artean Jainko bat proiektua aukeratu zuten, koreografia, arkitektura, olerkia, soinua eta plastika nahasten dituen lana. Marina Suarez Ortiz de Zaratek Alea FM irratsaioan bere proiektuaz hitz egin du. Igandean, Baratza Aretoan aurkeztuko du pieza,  19:00etan.

Zertan da Jainko bat? Nola definituko zenuke?

Zaila egiten zait definizio bakar bat ematea, lan honetan batez ere irudien munduan lan egin dut, eta mota ezberdinetako irudiak planteatu ditut: plastikoak, sonoroak, arkitektonikoak, eta koreografikoak. Definizio asko izango zituen lanak, bakar bat ez.

Lanak idoloa bilatzen du, gora begiratzera bultzatzen digun idolo bat. Zer transmititu nahi duzu honekin?

Hasieran sortu zitzaidan ideia hori nahiko interesgarria iruditu zitzaidan aukera ematen zidalako barrukoaz eta kanpokoaz hausnartzeko.  Une batean, idoloaren ideiarekin jolasten hasi nintzenean, konturatu nintzen edozein izan daitekeela idoloa bai nire txikitako lagunak baita musika idoloak ere; idolo guzti horiek nire ibilbidean identifikatzen saiatu naiz, eta istorio bat sortu dut  gai hori abiapuntua bezala hartuta. Dena dela, ez dut nire buruaz bakarrik hitz egin, emakumeaz hitz egiten dut, jendearen kezkei buruz...

Zein da publikoaren aldetik espero duzun erreakzioa?

Nire asmoa da bidai batean murgilaraztea publikoa, niretzat bidai bat izan den horretan publikoa ere sartzea, oso zaila da publiko guztia gauza berdina sentitzea edo ikustea, baina bakoitzak bere hausnarketa egingo du.

Jainko bat ez da zure lehenbiziko lana. Aurretik beste proiektu batzuetan ere parte hartu duzu, Miss Karaoke antzezlanean esate baterako… Ez zara geldirik egoten.

Oso zaila egiten zait geldirik egotea, hain justu momentu honetan Miss Karaoke estreinatuko dugulako bi aste barru, eta topera nabil. 

Gazte sortzaileak beka lagungarri gertatu zaizu lan hau aurrera eramateko?

Niretzat izugarrizko laguntza izan da beka jasotzea; gainera, beka hauek aukera ematen dute gauzak mugitzeko, deialdi bat dagoenean jendea animatzen delako proiektuak martxan jartzera, motorra edo aitzakia bezala dira eta alde horretatik eskertzekoa da. Gauzak sortzea barruan duzun zerbait  da, eta horrelako beka deialdiak bilatu eta aurkitu behar dituzu; behin data bat daukazula gauzak joaten dira ateratzen, eta konfiantza apur batekin, lana osatzen duzu.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide