'Gernika' Euskal Herrira ekartzea babestu dute Batzar Nagusiek

Picassoren 'Gernika' margolana
Pablo Picassoren 'Gernika' margolana Euskal Herrira ekartzea babestu dute Arabako Batzar Nagusiek. EH Bilduk aurkeztu du proposamena eta EAJk babestu du.

Aurten 80 urte bete dira Gernikaren bonbardaketatik eta gertakari horretan oinarrituta Picassok koadroa margotu zuenetik. Horren harira eraman du proposamena EH Bilduk gaurko Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurara. EAJk koalizioaren proposamena babestu du, eta PSEk eta PPk kontra bozkatu dute. 

EH Bilduren irudikoz gaur egun "ez da sinesgarria" esatea ez daudela garraio zein mantenurako beharrezkoak diren baldintzak koadroa Gernikara eramateko. "Gernikaren lekualdaketari buruzko azken txosten teknikoa duela hamaika urtekoa da, hainbat adituek esan dute egun ez dagoela arazorik koadroa mugitzeko".

Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatuko zaio beharrezkoak diren urrats instituzional guztiak egin ditzan margolana Euskal Herrira ekartzeko, eta koadro hori Gernikan kokatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanak egiteko.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide