Paco Ibañezek —poeten ahotsa, humanista, artista konprometitua— hamarkadak daramatza garai guztietako poeta handien lanei ahotsa eta soinua jartzen. 'Vivencias' diska Parisko antzoki adierazgarrienetako batean aurkeztu zuen, Théâtre des Champs- Élysées antzokian, eta geroztik hainbat lekutan eman ditu kontzertuak: Latinoamerikan (Txile, Uruguai, Argentina), Bartzelonan, Sevillan, Bilbon…; nazioarteko hainbat jaialditan ere abestu du: Lyon (Les nuits de Fourvière jaialdia), Biarritz (zinema jaialdia), Sète (Voix Vives de Méditerranée en Méditerranée jaialdia), Vaison-la-Romaine (Au Fil des Voix jaialdia), Arles (Les Suds jaialdia), Lima-Peru (Nazioarteko Poesia Jaialdia), Madrileko Teatro Nuevo Apolo (maiatza), eta azkenik, Gasteiz.
Beltzez jantzita, gitarra eskuan eta musikari bikainez inguratuta, eszenografia eder eta soil batez lagunduta, Paco Ibañezek maitasun, existentzialismo, borroka eta erresistentziako kantuak eskainiko ditu, instrumentuen erritmoetan eta poesiaren indarrean bildurik.