Joan den ostiralean hasi eta apirilaren 7ra bitartean, Euskal Herriko 32 herri bisitatuko ditu Laburbira film laburren jaialdiak. Araban, Gasteizen izango da lehenengo emanaldia hilaren 14an, eta Arespalditza, Guardia, Araia eta Agurainen ere izango da hurrengo asteetan. Euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea helburu duen ekimen honek hamalau urte bete ditu eta geroz eta txoko gehiagora heltzen da.
Ordu eta laurden inguruko emanaldietan, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera izango da. Zortzi film izango dira aurten, gehienak 2015ekoak; Oier Fuentesen Azken saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoararen Jalgi, Uda Filmsen 280º, Kepa Sojoren Hileta eta Euspot lehiaketako spot onenak eskainiko dituzte. Film laburrak proiektatzeaz gainera, hainbat herritan solasaldia izango da zuzendari batekin. "Sortzaileek beraien lana publikoari zuzen-zuzenean azalduko die, eta ikusleek ere zuzendariekin patxadan hitz egin ahalko dute, etxeko sofan baleude bezala", nabarmendu dute antolatzaileek.
Urtez urte Laburbira martxan jarri ahal izateko, Topaguneak herriz herriko elkarteekin jarduten du elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien babesa du. Euskal Herriaz gainera, ohitura den moduan, beste herrialde batzuetara helduko dira laburrak; besteak beste, New Yorken, Londonen eta Parisen eskainiko dituzte. "Sortzaileen lana ezagutzearekin batera, ekoizten jarraitu dezaten aukera emango diegu eta ikusleek bertan sortutakoaz gozatuko dute".