Kautelazko neurri gisa, Udalak ez du gainbalioaren zerga ordainaraziko balioa handitzen ez den eskualdatzeetan. Ondare-galera gertatu den kasuetan gainbalioaren zerga ordaintzeari dagokionez Gipuzkoako zein Arabako foru-arauaz Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak ikusirik hartu du erabakia udal gobernuak. Aurrerantzean, horrelako kasuetan ez da zerga likidatuko, eta administrazio-bidean zerga horrekin lotuta aurkeztu diren erreklamazioak banan-banan berrikusiko dira, balio-galerarik gertatu den egiaztatzearren. "Gainbalioaren zergaren tributazioa pertsonentzat bidezkoagoa eta tokiko ogasunarentzat zuhurragoa izatea nahi dugu", adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.
Hori ez da Gasteizko Udalak bultzatzen duen lehen aldaketa gainbalioaren zergaren kudeaketan. Aurreko agintaldian laguntza-ildo bat sortu zen kaleratze-prozesuek eragindako familientzat.