Kontzentraziora deitu du Berriztuk apirilaren 3an Legebiltzarrean

Erredakzioa 2017ko martxoaren 2a

Berriztu mugimenduak gaur Legebiltzarrean egin duen agerraldiaren irudia.

Gasa ustiatzeko asmoek sortzen duten gaitzespena ikustarazteko, Berriztuk kontzentrazio bat antolatu du Legebiltzarraren aurrean. Kontzentrazioa apirilaren 3an izango da, goizeko 11etan.

Mobilizazioak bat egiten du EAEko aurrekontuen emendakin partzialak bozkatuko diren egunarekin. Izan ere, Berriztuk talde parlamentario guztiekin egin ditu bilerak, emendakinen bidez Eusko Jaurlaritzaren asmoak aurrera atera ez daitezen. 

Mugimenduak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak joan den astean aurkeztu zuen aurrekontuen proiektua, "gure lurraldean gasa ateratzeko asmoei jarraikortasuna ematean tematzen dena. Beste urte batez, milioika euro inbertitu nahi ditu erakunde publiko batean, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi (SHESA) enpresan, alegia, eredu energetiko oker batean sakontzea helburu bakar gisa izanik, gure lurraldean putzu ugari zulatzearekin mehatxatzen ari dena, Subillako akuiferoa bezalako baliabideak arriskuan jarriz". 

Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeek asmoa onartzeko beharrezkoa den gehiengo nagusia ez dutela kontuan izanik, Berriztuk talde guztiekin egin ditu bilerak, emendakinen bidez proiektua aldatzeko. Hala, gasa ustiatzeko asmoen aurka dauden alderdiei aurrekontuari emendakin partzialak aurkezteko eskaera luzatu die. "Une honetan, oposizioko alderdi guztiek emendakinak aurkezteko borondatea dutela dirudi. Hori dela eta, hau egiaztatzekotan, SHESArentzako eta gure lurraldean dituen zulaketa planentzako urte latza datorrela aurreikusten dugu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago