Asanbladara deitu du Sarek preso gaixoen dinamika bat abiatzeko

Erredakzioa 2017ko mar. 1a, 13:22

Sarek gaur egin duen agerraldiaren irudia. ALEA

Gasteizko Auzolana pilotalekuan asanblada antolatu du Sarek bihar, martxoaren 2an, euskal preso gaixoen inguruko ekimenak adosteko eta sustatzeko.

Sare herri plataformak Oier Gomez preso gasteiztarraren egoera larria gogoratu du. Izan ere, Pitie Sapetriere ospitaleko medikuen txostenaren arabera, Oier Gomezen bizia arriskuan da. Sarkoma tumorea ezin izan diote osoki kendu, eta bere egoerak mediku zaintza handia eskatzen du; besteak beste, radioterapia, kimioterapia eta kinesiterapia iraunkorrak behar dituela diote txostenean: "Presondegian egotearekin batera ezina da".

"Sakabanaketa, osasun asistentzia-eza, zigorren luzapena eta abar luze bat onartzen eta bultzatzen duen salbuespen legedia, estatuek euskal presoen kontrako estrategiaren isla da" gogoratu du Sarek. Halaber, adierazi du "presoen giza eskubideen urraketa, baita euren ingurune sozial eta afektiboarena ere, politika hau ezartzen duten bi estatuen erantzukizuna da. Bai eta egoera hau desagertarazi eta gainditzeko eskumena izanda, egiten ez dutenena ere".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago