Greba egingo dute garbiketako langileek martxoaren 6tik aurrera

Erredakzioa 2017ko ots. 20a, 13:24

Zaborra ez da jasoko martxoaren 6tik aurrera

Gasteizko garbiketako langileek greba egingo dute martxoaren 6tik aurrera. Gaur egin dute asanblada, eta langileen %90k enpresa komitearen proposamena onartu du.

FCC eta GMSM Medioambiental enpresa-elkarteak azken hilabeteotan kaleratu dituen zortzi langileak berriro hartzen ez dituen bitartean, langileek ez dituzte Gasteizko kaleak garbituko eta ez da zaborra jasoko. Gainera, asteartero eta ostegunero, kontzentrazioak egingo dituzte Agirrelandan, enpresa-elkartea eta Udala presionatzeko, eta irtenbide bat lortzeko. Martxoaren 6an abiatuko da greba.

Enpresa-elkarteak kaleratzeak egiteko emandako arrazoiak arbuiatu dituzte langileek, eta ukatu dute  absentismo altua dagoenik, eta enpresak galera ekonomikoak dituenik horregatik. Garbiketako enpresa-elkarteak bere garaian esan zuen %25eko absentismo tasa dagoela; langileek ordea esan dute %8 baino txikiagoa dela. "Galera ekonomikoen errudunak ez dira langileak, guk ematen dizkiguten medioekin eta zenbakiekin lan egiten dugu. Errudun bakarra enpresa da", adierazi du empresa komiteak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago