Gizarte laguntzetan iruzurra egin dutenen kopurua %1,8ra jaitsi da

Erredakzioa 2017ko ots. 16a, 15:15

Gasteizko Udala.

Udalaren gizarte laguntzetan irregulartasunen bat egin dutenen ehunekoa %1,8ra jaitsi zen 2015. urtean; udal bulegoetan jaso ziren 4.435 eskaeretatik soilik 77tan atzeman zuten iruzurren bat.

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munainek udalaren laguntzak kontrolatu eta kudeatzeko abian jarritako neurri berrien balantzea egin du gaur. Eman dituen datuen arabera, Gasteizko Udalak 365.936 euroko iruzurra atzeman zuen 2014. urtean; zehazki, 97 lagunek egin zuten iruzurra, %2,3k. 2015ean, berriz, irregulartasunen bat egin zutenen ehunekoa %1,8ra jaitsi zen; 4.435 eskatzailetik 77k egin zuten iruzurra. Gaineratu duenez, 36.773 euroko iruzurra atzeman zuten 2015. urtean.

Peio Lopez de Munainen arabera, "datu horiek erakusten digute iruzur-portzentajea txikia dela. Ez da batzuek ikusarazi nahi diguten bezain handia, eta gainera, bada laguntzen kontrola". Horren haritik, Gizarte Politiken zinegotziak PPren diskurtsoa ukatu du. "Laguntzak ez dira neurriz ateratzen ari. PPk ezkutatzen du langabezian dauden gasteiztarren % 44k bakarrik jasotzen dituztela langabezia-prestazioak, eta gure hiriko 9.600 langabek ez dutela laguntza hori jasotzen. Normala da laguntza eskatzea, bizi ahal izateko".

Lopez de Munainek azaldu duenez, iruzurrari aurre egiteko azken urtean hainbat neurri eta ekintza  jarri dira martxan. Besteak beste, dosierrak osatzeko behar diren  datuak (Gizarte Segurantzari, Ogasunari eta abarri dagozkionak) eskuratzeko aplikazio informatiko bat lantzea, beste administrazio publiko batzuek utzitako datuak eskuratzeko aukera  ematea, Lanbiderekin eta Gurutze Gorriarekin koordinatzea, eta abar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago