Gasteizko Udalak San Anton plazaren ingurua eraberrituko du. Parterreak eta lore-askak kenduko dira, eta era horretan espazio garbiagoak sortuko dira. Bertako merkatariek eta ostalariek eskatu zuten eraberrikuntza, ikusgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Ingurumen Sailak diseinatu du Frantzia kaleak, Estenaga Apezpikuaren kaleak, Pedro Orbea kaleak eta Arana kaleak mugatutako espaziorako proiektua. Oraingo egiturak traba ugari jartzen dio oinezkoak igarotzeari, lorategi eremuak parterre eta hormatxo ugari baitu. San Anton plazaren ekialdean, esate baterako, hormigoizko hiru lore-aska goratu daude, oinezkoen pasabidea bitan zatitzen dutenak. Zuhaitz aleak balio gutxikoak dira, eta egoera txarrean daude. Lanen bidez lorategi esparru horiek eta hormatxoak kenduko dira, beste landare batzuk aldatuko dira, eta altzari berriak jarriko. Orobat, drainatzeko sare bat osatuko da, eta parterreak dauden lekuan granitozko lauzak eta berreskuratutako galtzadarriak jarriko dira.
Pedro Orbean, berriz, dauden lau parterre eta balio gutxiko landareak kenduko dira, baina sekuoiak eta zedro bat utzita. Estenaga Apezpikuaren kaleko zatian, zuhaitz ilara bat kenduko da irisgarritasuna hobetzearren, hazkunde handiko espezie batekoak baitira, eta fatxadatik oso gertu baitaude. Arana kalean ere hormigoizko hormatxo batzuk kenduko dira, lekua itxi egiten baitute. Haurrentzako jolasak daudenean utziko dira.