Trena lurpetik joango da Gasteizko erdialdean

Erredakzioa 2017ko urt. 27a, 09:49

Trena lurpetik igaroko litzateke Gasteizko erdigunetik.

AHTaren hiriburuetarako sarbideei buruzko akordio tekniko bat hitzartu dute Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako teknikariek.

Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako teknikariek Abiadura Handiko Trena (AHT) euskal hiriburuetan sartzeko modua adostu zuten atzo. Gasteizi dagokionez bi dira hartu zituzten erabakiak. Batetik, behin-behineko egoerak saihestuko dituztela eta hortaz, trenbidearen konexioa behin betikoa izango da. Konponbide honek, ordea, definizio lan handiagoa eskatzen die inplikatuta dauden erakundeei. Bestetik, trenbide-sarea hirigunearen erdialdean lurperatzea aurreikusten du atzo adostu zuten proposamenak. AHTa hirira sartzeko eta konexiorako aukera ezberdinak daude mahai gainean, eta aukeraketa ezaugarri teknikoak eta ingurumenean izan dezaketen eragina kontuan hartuz egingo dutela azaldu du Eusko Jaurlaritzak.

Atzoko bileran akordio tekniko bat hitzartu zuten, eta sarbideen inguruan atzemandako hainbat zailtasunen inguruko irtenbideak erabaki zituzten. Orain, horiek oinarri hartuta, sarbideak egiteko proiektuak zehaztea izango da hurrengo urratsa, eta berrestea. Eusko Jaurlaritzak AHTa 2023rako martxan egoteko asmoa du.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago