Gasteizko Udalak 36.000 euro bideratuko ditu Gasteiz Antzokia diseinatzeko ideia-lehiaketara. Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onetsiko du lehiaketa arautzeko baldintza-agiria, Eskoriatza-Eskibel etxadian kokatu nahi duten Gasteiz Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxeko ekipamenduaren espazioak antolatu eta diseinatzeko. Saritan 36.000 euro banatzea aurreikusten dute; irabazleari 20.000 euro emango zaizkio, bigarren sarituari 10.000 eta 3.000 euroko bi accesit.
Aurreko astean Udalak iragarri bezala, ideia-lehiaketak Auzolana pilotalekua ez ukitzeko aukera jasoko du, Auzolana pilotalekuko eragileek, Oihaneder kudeatzen duen Lazarraga kultur elkarteak, euskalgintzako zenbait eragilek eta EH Bilduk eskatu bezala.
Etxadiak bi lursail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia barne hartzen dituena; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, eta horren aurreko espazio librea eta lurpea. Proiektua bi zatitan garatuko litzateke: lehenengo Kafe Antzokia eraikiko litzateke, eta ondoren Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria. Bi fase hauek aurrera eramateko gehienez 5,5 milioi euro bideratuko dituzte.