Asteburuan hasiko da haurrentzako KunArte zentroaren egitaraua

Erredakzioa 2017ko urt. 25a, 10:13

Abetxukuko zentroak 0 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako antzerkia, lantegiak eta jarduerak eskainiko ditu apirilera bitartean. Larunbat honetan Small Size Day ospatuko du, munduko beste 19 herrialderekin batera.

Abetxuku auzoan kokatzen den KunArtek, Berrikuntza Artistiko eta Lehen Haurtzarorako zentroak, programazio berriari ekingo dio asteburu honetan, urtarriletik apirilera bitarteko lantegi eta ikuskizun eskaintza oparoa proposatuz. Egitarauaren lehen hitzordua larunbateko Small Size Day 2017 jardunaldia izango da; 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako ekintza, lantegi eta ikuskizunez betetako eguna. Mundu mailan antolatzen diren Small Size jardunaldi hauek haurrak eta bere familiak, hezitzaileak, edota zaintzaileak elkartzen dituzte, eta artea jaiotzen garenetik baliogarria eta esanguratsua dela baieztatzea du helburu. Urtarrileko azken asteburuan ospatu ohi da, eta munduko 20 herrialdetan aldi berean jarduera berdinak ospatuko dituzte. Gasteizen egiten  den hirugarren aldia izango da asteburukoa.  Gasteizko hitzordua eguerdiko 12:00etatik 18:00etara luzatuko da. Besteak beste, zortzi hilabete eta 2 urte bitarteko haurrentzako lantegi berezi bat izango da, Círculos en movimiento izenekoa.  Igandean, berriz, La Casa Incierta konpainia brasildarrak Desayuno frágil  ikuskizuna eskainiko du, 1 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Sarrera erosi behar da.

Apirilera bitarteko programazio berria

Hortik aurrera, eta apirila bukaerara arte programazio anitz, bizigarri eta nazioarteko proposamenez betea luzatuko zaie familiei. Brasil, Eskozia edota Mexikoko konpainiak Berrikuntza Zentroan izango dira. “Aipamen berezia merezi du 8 hilabetetik aurrerako haurrentzat proposamen interesgarriak ekartzeko esfortzuak, izan ere, berebiziko aroa da gizakiaren hazkuntzan, eta arteak eragin erabakigarri eta positiboa izan dezake orduan”, zehaztu dute zentroko arduradunek ohar baten bidez. Teatro Paraiso Antzerkiaren Sehaska kantak ehuntzen eta Kiribil Iparraldeko konpainiaren Nundik ikuskizunak horren adibide dira.

Era berean, A la Sombrita teatro-ren El Patito feo, Udasoin Asociación Musical-en Mari ta txiru eta Txokolarte tailerra ere izango dira KunArteren egitarauan.

Asier Kidam mago gasteiztarrak amaiaera emango dio programazioari, Imagine ikuskizun berriarekin, KunArte zentroan garatzen ari den lana, zentroak urtero martxan jartzen dituen Egonaldi Artistikoei esker. 

Egitaraua: KunArte 2017 urtarrila-apirila

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago