2016ko urrian jakin zen, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jasotako zenbait salaketa medio, Txagorritxu auzoan gizon batek, kale batengatik galdetzeko aitzakiaz, emakumeak geldiarazi eta ukituak egiten zizkiela. Gainera, duela gutxi emakume gazte batek mezu bat jarri zuen sare sozialetan, auzoan bizikletaz zebilen gizon honetaz ohartarazteko.
Biktimek egindako deskribapenak, jokatzeko modua, eta jazarpena gertatzen zen ingurua abiapuntutzat hartuta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erasotzailearen inguruko ikerketa eta jarraipena koordinatu dute, eta Ertzaintzak sexu erasoen ustezko egilea identifikatu du, eta sexu-abusuak egiteagatik ikertzen ari dira.
Pertsona horrekin lotuta antzeko gertakari gehiago egon daitezkeela uste dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, beraz, egon litezkeen biktima guztien laguntza eskatu dute, salaketa jar dezaten.